Gladiadoreek, legio erromatarrek eta koadrigek Irun hartuko dute asteburuan. Uztailaren 11tik 14ra erromatar kolorez, doinuz eta zaporez jantziko da Oiasso izan zena, 2.000 urte atzera eginez eta gozatuz ikasteko aukera eman nahian. Dies Oiassonis jaialdi erromatarra ospatzen ari dira egunotan Irunen. Oiasso Museoak urtean zehar egiten duen dibulgazio lana plazara ateratzeko asmoarekin antolatzen hasi ziren duela 14 urte ekimen hau, eta hastapenean jaialdi xumea zena, gaur egun milaka bisitari erakartzen ditu, erromatarren eguneroko bizimodua, kultura, artea eta gastronomia nolakoa zen irudikatzeko aukera ematen duen jaialdi borobila izatera pasa baita.
Erreferentziazkoa bilakatu da uztailaren 11tik 14ra San Juan plaza, Fermin Calbeton, Foruen karrika eta Jenaro Etxeandia kaleetako azokan parte hartzen duten 80 bat eskulangile eta artisauentzat. Baina baita erromatar historian aditu eta zaleentzat ere. Jaialdiaren hastapenetan garaiko museoaren zuzendari Mertxe Urteaga arkeologak sortu zuen Navigium Isidis ekitaldiaren errekreazio historikoa ospatzen dute urtero Dunboako kanalean. Erromatarrek ospatzen zuten itsaso sasoia irekitzeko ekitaldia ohitura bilakatu da dagoeneko Dies Oiassonis jaialdian. Baina errekreazio historikoen haritik, aurten Legio V.a, San Juan plazako gladiadore eta koadriga zirku erromatarraren ikusgarriak, edota garaiko jantzingintza tailerrak ere proposatuko ditu museoak, besteak beste. Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendariak azaldu digunez, museotik ahalegin handiak egiten dituzte urtero erromatar kulturaren errekreazioan aritzen diren punta-puntako profesionalekin.
Era berean, uztailaren 11n “Moda Influencerrak eta negozioa” ikastaroa emango dute, garaiko jantzingintzan oinarrituta. Eta Meridako Antzerki Klasikoaren laguntzarekin, jaialdiari hasiera emateko “Emakumeak Diote” erakusketa antolatu dute museoan bertan. Aizpea Goenaga, ekimenaren eramaileak argitu digunez, Meridatik aurreneko aldiz atera diren aparteko lau pieza ikusgai daude bertan, Lisboako beste erakusketa batetara eraman aurretik.
Kultur eta gastronomia eskaintza zabala
Baina erromatar giroan murgiltzeko eta kulturaz gozatu nahi duenarentzat ere, Dies Oiassonis jaialdiak asko du eskaintzeko. Goenagak dioenez, egun batetarako Irunera etortzen dena, «seguru hurrengo egunean berriz itzuliko dela, asko baitago egiteko, ikusteko eta gozatzeko». Izan ere, antzerkia, zinea eta gastronomia eskaintzak borobiltzen du egitaraua. Uztailaren 6az geroztik, eta hilaren 14a arte erromatarren garaiko osagaiekin prestatutako pintxoen ibilbidea osatu dute erdiguneko 15 bat ostatuk (Altzola, Bakar, Danako, El Bule, El Tostadero, Felix Manso, Gaztelumendi, Manolo, Mari, Naroa, Real Union, Sargia, Txingudi Rugby taberna eta Virginia). Eta ostiralean, uztailak 12an, Arrain Zopa Lehiaketa antolatu dute. Horrez gain, "Convivium in Circus Romanus" erromatar estiloko afaria ere izango da, hainbat ikuskizun barne. Eta eskaintza gastronomikoa bigarren jardunaldi gastronomikoekin borobilduko dute larunbata goizean, Oiasso Museoan bertan eta sarrera doan.
Antzerki klasikoen eskaintzari dagokionez, “Clitemnestra” obra taularatuko dute uztailaren 12an Amaia KZn 20:00etan. Eta zinemarik ez da faltako. Iaz 400 lagun bildu zituen San Juan plazan antolatutako aire zabaleko Asterix eta Obelix filmaren proiekzioak. Eta aurtengoan ere, Bizinema elkarteak girotuta, Monty Phytonen “La Vida de Bryan” emango dute uztailaren 11an, ostegun gauean.
Xehetasun guztiak eman dizkigute Aizpea Goenaga eta Juanjo Jimenez, Oiasso Erromatar Museoko zuzendariek hurrengo elkarrizketan.
OHARRAK:
Erromatar afarira joan nahi dutenek Turismo Bulegoan erosi ahal izango dituzte sarrerak (Luis Mariano kalea 3), ekainaren 21eko ostiraletik aurrera, 15:30etik aurrera. 30 euro balio du sarrera bakoitzak. Zirkurako eta sarrera behar duten gainerako ikuskizunetarako sarrerak asteazkenean, uztailak 5, jarri zituzten salgai.
Ordutegi hau du Turismo Bulegoak:
Astelehenetik larunbatera: 10: 00-13:30 eta 15:00-19:30.
Igandeetan: 10:00-14:00