Gaur Irungo EAJ udal talde politikoak etapa berri bati ekin dio. Aldaketaren eguna zela azpimarratu dute jelkideek Irungo Batzokian egindako agerraldian. Udal hauteskundeetatik urtebetera alderdiak eman duen lemakolpea irudikatu dute bertan, 2011az geroztik jeltzaleen bozeramale izan den Xabier Iridoyk bere etapa politikoa amaitutzat eman eta haren lekukoa Gorka Alvarezek hartuz.
Agerraldian argitu dutenez, «Irungo hiriak dituen etorkizuneko behar eta erronkei erantzuteko, belaunaldi berriei aukerak eman behar zaizkiola ulertuta, eta hausnarketa sakon baten ondotik», taldea berritzea erabaki dute. Gorka Alvarezek «irundar bezala lehenik eta jeltzale gisa gero» ohore handia dela azpimarratu du. Eta irundar guztientzat lan egiteko borondatea adierazi du bere aurreneko hitzartzean, «alderdi bat ala beste bozkatu izan duten irundar guztien zerbitzura».
Aldaketa belaunaldi berriei paso eman eta udal talde jeltzalea indartzeko egin dutela azpimarratu dute. Baina taldeko bozeramale berriak iragarri duen lehen erabakia kontuan hartuta, agerikoa da Irungo jeltzaleen lemakolpe politikoa. Gorka Alvarezek jakinarazi baitu, lehenbailehen Cristina Laborda alkatearekin harramentan sartuko dela, 2023ko udal hauteskundeetatik EAJ-PSEren arteko akordio globalaren testuinguruan Irungo Udalaren gobernantza aukerak aztertzeko. «Irungo EAJk akordioa eskaintzen du», argitu du, «badugu proiektua, badugu alderdia eta badugu esperientzia Irunen garatzea beharrezkoak diren proiektuak lideratzeko» gaineratuz.
Zentzu honetan, aldaketa jeltzaleek hiriarentzat duen proiektu alternatiboa indartzeko egiten dutela azaldu dute, eta herritarrek «gauzak beste modu batean egin behar direla» aditzera eman dutelakoan, Gorka Alvarezek ardura eta ilusio handiz ekingo dio ibilbide berriari. Azpimarratu duenez, «helburua da agintaldi honen bukaerarako herritarrek ikus dezaten politikak bere arazoak ulertu eta neurri egokiak hartzeko balio duela, eta horretarako akordioak eta elkarrizketa ezinbestekoak dira». Hortaz, irailan hasiko den ikasturte politiko berrian Irungo Udalaren gobernantza bideratzeko prest azaldu da.
Gainerakoan, Xabier Iridoyk 13 urteotan egindako lana eskertu nahi izan du Gorka Alvarezek, eta helburuak lortzeko lantalde indartsua eta eskarmentu handikoa jasotzen duela aitortu du. Iosu Iguiñiz bozeramaile ordea eta bere bigarrena izango dela argitu du. Eta Lourdes Larraza, Jose Corchón, Urkiri Salaberria eta Iñigo Bergesek osatzen jarraituko dute udal taldea hemendik aurrera.