Ermita kaleko bizilagunek merezi duten erantzuna exijitzen du Elkarrekin Podemosek

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 10a, 08:24

Ama Xantalen inguruko lanak otsailan amaituta, Ermita kaleko bizilagunak ez dira emaitzarekin konforme. Obraren ondotik, zenbait etxe atarietara irisgarritasuna okertzeaz gain, trafikoa eta oinezkoen segurtasun arazoekin kexu dira, baina Udalari luzatutako eskaerek ez dute erantzunik jaso. Alde Zaharra-San Juan auzo elkartearekin bildu eta gero, egoera aztertzeko Bozeramaileen Batzordea galdegin du Elkarrekin Podemosek oposizioa informatua izan dadin. 

Elkarrekin Podemos udal taldeak Alde Zaharra-San Juan auzo elkartearekin egindako bilera baten ondotik, Ermita kaleko bizilagunek adierazi dizkieten arazoak argitu nahi ditu. Auzokideek Udalak egiten duen trafikoaren kudeaketa, zirkulazioa eta oinezkoen bizikidetza eta etxe atarietara sartzeko instalatutako bolardoekin ez daude konforme. Kale estua eta trafiko handikoa dela deritzote, eta oinezkoek lehentasuna badute ere, segurtasuna ezbaian jartzen dutela ulertzen dute.

Hala ere, auzo elkarteak Irungo Udalari egindako eskaerek ez dute erantzunik jaso. David Nuño, Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaleak azaldu duenez, «auzokideek bide ofizialetatik bideratu dituzte euren eskaerak Udalak erantzungo ziela konfiantza eginez, baina ez dute epe egokietan erantzunik jaso, eta zenbait kasuetan isilarena ere jaso dute». Europako Next Generation dirulaguntza funtsak bideratu ditu Udalak Ama Xantalen inguruko eremua berriritartzeko, eta erabili dituzten irizpideak argitu ditzala galdegiten dute bizilagunek.

Proiektuak sanemenduraren eta edateko uren azpiegiturak berritzea ere barneratu zuen, baita argindar, telefonia sarea zein argiteria publikoa ere. Baina guztira 643.480 euro bideratu ditu Irungo Udalak gunea berritzeko. Eta Udalak dioenez, esku hartzeko irizpideak Irungo Alde Zaharra birgaitzeko Plan Bereziak finkatzen dituenekin bat datos. Zentzu honetan, proiektuaren lehentasun nagusietako bat oinezkoei bide publikoan dagokien protagonismoa ematea zen Udalaren arabera, baina esku hartu den eremu guztian oinezkoek eta ibilgailuek batera zirkulatzen duten espazioa sortzea izan zuen abiapuntua, kalean zirkulaziorako ez ezik beste erabilera sozial batzuetarako tokia sortuz, eremu monumentala dela aintzat hartuta.

 Lanak joan den otsailan amaitu zituzten. Eta ez dirudi Ermita kaleko bizilagunak emaitzarekin pozik daudenik. Horiek hala, kalearen segurtasuna, abiadura mugak eta oinezko eta autoen arteko bizikidetza arazoak aztertzeko eta oposizioko taldeak informatuak izan daitezen Bozeramaileen Batzordea deitu dezala eskatu du Nuñok. «Auzokoak dira beharrak zeintzuk diren hobekien ezagutzen dutenak, baina Udal Gobernuak batzuetan pentsatzen du bulegoetatik egin daitezkeela gauzak, kaleko arazoekin duten deslotura handia dela erakusten dute», salatu du Elkarrekin Podemosek. Jokabide horren ondorioz, arazorik ez zegoen lekuan problemak sorraraztea leporatu dio Nuñok gobernuari, eta beraz, gauzak egiteko moduak aldatzeko eskatu du.