Mendiak salbu, Irungo bistarik altuenetariko eta osoenetarikoa du Junkal elizako kanpandorreak: 22 metroko garaieratik, Bidasoaldea osorik ikusten da, 360 gradutara gainera. Norberaren sasoia proban jartzen du haatik bista ederrak, ehun bat eskailera borobildu igo behar baitira, XV. mendean eraiki zen elizaren punturik gorenera iristeko.
Goian, paisaiaz gain, XVII. mendeko kanpaiak ere bertatik-bertara ikus -eta entzun- daitezke. Garaian komunikaziorako ezinbestekoak baziren, egun ere haien kolpeak hiriaren soinu-bandaren parte dira. Kanpandorrearen goiko estaian, kanpaiak baina metro pare bat beherago, balkoi estua da bisitagarria dena. Kupula handia du erdian, eta 270 gradutan ibili daiteke dorrearen inguruan.
Alde batetik, Hendaia eta Hondarribia, bertzetik, Jaizkibel, Oiasso museoa eta termen lanak, baita Irunen zati handi bat ere, gibelean, Aiako Harria, San Martzial eta San Juan plaza, eta azken aldean, Bidasoa, Intzura, Faisan uhartea eta Xoldokogaina ikus daitezke.
Irungo Junkal elizako kanpandorrea herritarrentzat bisitagarria izanen da larunbat honetatik landa.@c_laborda eta @Nuria_Alzaga|rekin bisitatu berri dugu.
— Aimar Lopez Erasun (@aimarlopezz) July 10, 2024
📡 13:10etik landa entzun xehetasunak @antxetairratia|n Nuria Alzagaren eskutik.@Irun_informa pic.twitter.com/vPAZcjqUOX
Larunbat goizero, eta irundarrentzat
Bisitak larunbat goizetan eginen dituzte, udan, hiru txandatan: lehena 11:00tan, bigarrena 11:40ean eta azkena 12:15ean. Gidaz gain, zortzi herritarrentzako lekua du bisita bakoitzak, eta Turismo Bulegoan edo 943 02 07 32 telefonoan egin behar dira erreserbak, euro eta erdiren truke.
Nuria Alzaga Hiri Bultzadarako eta Ekonomia Sustapeneko hautetsiak azpimarratu du Junkaleko kanpandorreak hirian jadanik egiten diren bisita gidatuak osatzen dituela. Hala ere, turismo erakarpena bada ere, herritarrengan jarri du arreta, "Irundarrek eskatu dutelako" kanpandorrea bisitatzeko aukera.