Irungo Lur Alai Squash klubak COVID pandemiaz geroztik Artaleku kiroldegian bizi izan dituen zailtasunak aurrekoetan salatu dituen bezala, oraingo honetan Udalak bertako laugarren squash pista gimnasio bilakatzeko omen duen asmoaren konstatazioa izan duelako kezkaturik azaldu da. Aste honetan, entrenatzen ari zirela, laugarren pistako pareta botatzeari eta kristala kentzeari buruz hitz egiten ari zen lantalde tekniko batekin topo egin zuten. Udalaren baieztapen ofizialik ez dute jaso, baina susmoa dute aspaldi salatzen daramaten obra proiektua Udalak erabakita duela.
Gorka Arretxe, klubaren arduradunak argitu duenez, «Borja Olazabal zinegotziak esan zigun horiek zurrumurruak besterik ez zirela, baina pentsatzen dugu BPXport enpresa eta Udala beldur direla azken aldian Irunen Spartan bezalako kiroldegi pribatuen loraldiaz, eta kiroldegiko gimnasioa indartzea helburuetan dutela». Arazoa da, aldiz, Artaleku kiroldegia zaharkitua ez ezik, txiki geratu zela aspaldi. Eta pandemiaz geroztik squash pistetako bat gimnasio makinak jartzeko erabili izan duten bezala, hau behin betirako gimnasio bilakatuko dutelakoan dago kluba. «Entrenatzeko mugatzen gaitu, eta egia da txapelketak antolatzen ditugunean pista libratu ohi dutela, baina betirako hiru pistarekin geratuko bagina, nekez egin genezake aurrera», dio Arretxek.
Irun erreferente
Zentzu honetan, Euskal Herrian squasharen kirolak azken urteotan bizi duen loraldiaren adibidea da Irungo elkartea. Orotara 18 klub daude Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian ohitura handiagoa dagoenez, Baiona Squash eta Biarritz Milady klubetaz gain, Hego Euskal Herrio bigarren handiena da Irungoa 80 bazkide biltzen dituelarik. Eskola antolatu zutenetik haur eta gazteak ere ari dira, eta emakume zein gizonezkoen kategorietan lehian ari diren kirolariez gain, Artalekuk Euskadi eta estatu mailako txapelketak jaso ditu klubak antolatuta.
Sestaoko Benedikta klubak erabiltzen dituen 5 pista, eta Gasteizeko FreeSquash (eta NikSquash emakumezkoena) klubak Mendizorrotza (6), Aritznabarra, Abetxuko eta Hegoalde kiroldegietan erabiltzen dituzten 12 pistekin batera, Irun da gaur egun kirol honen goi mailako txapelketak antolatzeko baldintzak betetzen dituzten instalazioetako batzuk EAE mailan. Irungo kluba, 80 bazkiderekin Gipuzkoako handiena da, Eibar KD, Arrasate KE, Zarautz KE eta Lasarteko Loriak Squash kluben aurretik, eta Euskadiko bigarrena, Gasteizkoen atzetik. Honek, esan bezala, 12 pista ditu eskura, denak publikoak. Hortaz, «Irun erreferentea izateko aukera aprobetxatu beharrean, agintariak kontraesanetan sartzen» ari direlakoan dago Irungo kluba. Izan ere, Udalak adierazi izan die «klubak nahikoa duela hiru pistekin». Aldiz, Gipuzkoan bertan hiru dituzte Eibarren eta Arrasaten gaur egun, Irungoaren tamainako klub bat gabe. Orotara, aldiz, Euskal Herrian 67 squash pista daude gaur egun. Bizkaian (17), Nafarroan eta Gipuzkoan (14na), Araban, Gasteizeko 12 pistak eta beste 10 Lapurdin. Hegoaldeko 57etatik 55 munizipalak.
Nolanahi ere, Artalekun bezala, Irungo beste hainbat kirolgunetan azpiegitura eta espazio faltan diren hainbat klubek euren ezinegona plazaratu dute azken urteotan. Bien bitartean, Lur Alai klubaren kasuan Arretxek dio, ez dituztela instalazioak hobetzea eskatzen, erabilgarri dauzkatenak mantentzea baizik. «Irungo klub bakarra gara kirol instalazioak kentzen edo gutxitzen ari dizkiotena, eta horrek ez du klubaren urteotako garapenaren eta diskurtso ofizialarekin ere bat egiten», salatzen du.
Gogoan hartu beharra dago, hala ere, Irungo Udalak Artalekuko gimnasioa handitzeko konpromisoa hartua duela. Hala jakinarazi izan du 2023ko Udal Aurrekontu Partehartzaileen gazteen prozesuan jasotako ideiari erantzunez, gimnasioa handitzeko asmoa baitu Udaleko Kirol arloak.