Real Union berriaren proiektuaren habe nagusiak jarrita, Mikel Llorentek ilusioz ekin dio aurredenboraldiari

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 12a, 14:05

Ekainaren 21ean Real Unioneko entrenatzaile berria jakinarazi ondotik, hondarribiarrak gaur eman du aurreneko prentsaurrekoa txuribeltzen zuzendari gisa Stadium Galen, aurredenboraldia abiatzear duten honetan. Aurkezpenean eskertua azaldu da klub irundarrak profesional mailan eman dion «aukera izugarriarekin». Uztailaren 20ean estreinatuko da, Zarautzen, SD Eibarren aurkako lagunartekoan. 

Bizi osoa futbolari lotuta, eta futbolari familia batetik datorrela, duela bederatzi urte entrenatzaile izateko erabakia hartu zuenetik egindako ibilbidean ikasitako guztiari esker, irundarren proiektu ilusionagarria aurrera eramateko prest dagoela azpimarratu du gaur Mikel Llorente hondarribiarrak. Berekin lanean ariko den staff edo talde teknikoaren maila goraipatu du ere. Eta aurredenboraldian punteria zorroztu eta taldea doitzeko gogo handiz dagoela esan du.

Talde teknikoarekin pozik

Ez da abentura berri honetan bakarrik egongo. Bidelagun izango du, eskuz-esku berekin lanean bigarren entrenatzailea Aimar Sagastibeltza. Real Unioneko jokalari ohia, aulkietan eskarmenturik ez badu ere, kluba ongi ezagutzen du bost urtez jokatu baitzuen bertan. Jorge Alvarez prestatzaile fisikoak, aldiz, SD Logroñes, Union Adarve eta Vigoko Celtaren harrobiko taldeetan aritu da. Atezainen entrenatzaile lanetan Ricardo Costak jarraituko du, 2007/2008 urteaz geroztik ari da horretan. Bestalde, Deportivo Alaves, UD Salamanca, Atletico Clube de Portugal edota Saudi Arabiako Al Khalej taldean lan egin izan duen Ibon Zoilo prestatzaile fisikoa eta Mario Capelete irundarra eta klubeko jokalari ohiak osatuko dute lantaldea.

Entrenatzaile berria Stadium Galen aurkeztu dute, aurtengo ekipazioarekin batera.

Mikel Llorenteten kasuan, Realeko hirugarren taldea utzi du Stadium Galen lan egiteko. Hondarribia Futbol Elkartean hezitako entrenatzailea da. 14 denboraldiz egon zen bertan, kategoria guztiekin lanean, baita Ohorezko Erregional mailako gizonezkoekin ere. Ondotik, Football Club Chiasson lan egin zuen, Suitzako Challenge Leaguen, baina segidan egin zuen buelta Euskal Herrira, Realak deituta. Azken sei urteetan klub txuriurdinean egon da, Ohorezko Jubenil mailako gizonezkoekin hiru denboraldiz (hasierako bi urteetan eta ondotik, beste urte batez, denboraldi batez Easorekin, Nazional mailako jubenilekin, eta azkenik, azken bi denboraldietan, Real C taldearekin. Orain, Stadium Galera ailegatu da Lehen RFEF mailako taldea gidatzeko.

Aurredenboraldia eta jokalari berriak

Aurredenboraldia hastear, 8 lagunarteko partida jokatuko ditu taldeak datozen asteetan. Aurrenekoa uztailaren 20ean Zarautzen SD Eibarren aurka. Eta ondoren Ingalaterrako Birminghamera doaz astebeteko egonaldia egitera. Han Barrow FC taldearen aurka jokatuko dute. Uztailaren 31n AC Ajaccio taldea errezibituko dute Stadium Galen. Eta gainerako partdiak abuztuaren 3tik 17ra jokatuko dituzte, besteren artean, Alaves B, SD Logroñes, Barakaldo eta Real Sociedad B. Azken bi hauek Federazio 1 mailako lehen multzoko arerio zuzenak izango dituzte denboraldi berrian. Lehen multzo horretan, aipatutakoez gain, Gimnastic Tarragona, Barcelona B, Andorra, Ponferradina, CyD Leonesa, CD Lugo, Amorebieta edota Vigoko Celta B bezalako arerioak izango ditu lehian.  

Denboraldi exijentea izango dute aurretik txuribeltzek. Eta oraindik ere jokalari taldea osatzeko zenbait fitxaketa egin beharko dituzte. Orain artean, Ivan Perez, Alberto Solis, Alain Oyarzun edota Jagoba Beobidek segituko ez dutela jakinarazi ondotik, Jon Irazusta atezain eta kapitainak kontratua berritu zuen joan den astean. Aurretik ere, Vidorreta, Rivero, Victor Emil, Joseca Marquez, Charly Perez eta Asier Benitok taldean jarraitzen dutela jakinarazi zuten. Eta azken egunotan hainbat fitxaketa berri jakinarazi ditu klub irundarrak. Sergio Benito, Aitor Aranzabe, Victor San Bartolome, Koldo Obieta, Javi Dominguez, Iker Bilbao, besteren artean. Guztira 14 aldaketa izango dira joan den urteko taldearekin alderatuta.