Inguruan lehiakide turistiko handiak dituen arren, Irungo hiria udan bisitariak erakartzeko gai dela erakutsi berri du Dies Oiassonis jaialdi erromatarrarekin. Datuak aurrerago emango dituzte, baina uztailaren 11tik 14ra ospatu berri duten jaialdiaz balorazio ezinhobea egin du Nuria Alzaga Kultura zinegotziak. Halere, udako agenda oparo baten aurreneko hitzordua besterik ez da izan. «Irun oporretan ez du ixten, eta agendak ez du etenik» iragarri du zinegotziak. Izan ere, oporretan bertan geratuko direnentzat eta bisitariak erakartzeko helburuarekin ere, hogeitik gora kultur proposamen programatu dituzte datozen asteerako.
Nuria Alzagak argitu duenez, «bertako elkarte eta eragileen parte hartzea ezinbestekoa da». Izan ere, Skola Musika eta IGA abesbatzak uztailaren 30ean Urdanibia plazan emango duten 70. hamarkadako “Coral Funk” kontzertu handia edota aurten hiru egun hartuko dituen Euskal Jira bezalako hitzorduen «irundar sena» azpimarratu du udal ordezkariak.
Kasu horretan, Euskal Jira abuztuaren 3an ospatuko bada ere, aurreko egunean Burrunba Elektrotxarangaren kontzertua antolatu dute Urdanibia plazan motorrak berotzeko. Eta abuztuaren 4an herri kirolen jardunaldi bat ere.
Hitzordu finkoak eta berritasunak
Gainerakoan, udan Irun plaza duten Bidasoa Folk festibala (abuztuaren 17an Xabier Zeberio eta N’Fally Kouyaté), hiriko Gain Gainean eta Alai Txoko parketan antolatuko dituzten GiraBira saio tematikoak edota mugaz gaindiko Dantza Hirian dantza garaikidearen festibala (irailaren 13an San Juan plazan) osatuko dute ohiko eskaintza.
Irungo Udalak, aldiz, proposamen eta espazio berriak bilatu nahi izan ditu ere. Berritasunen artean, uztailaren 20ean Irun Hiria Musika Bandak Serafin Zubiri musikariarekin batera San Juan plazan emango duten “Nino Bravo”ren omenezko kontzertua, Jazzaldiarekin lankidetzan Junkal plazatxoan Carole Alston & Trio taldearen emanaldia uztailaren 26ean, edota Julen Axpek Nagore Laffage plazan abuztuaren 16ean aurkeztuko duen “Furgonologo” antzerki bakarrizketa saioa izango dira nobedade nagusiak.
Era berean, uda borobiltzeko Txaranga Eguna ospatuko dute irailaren 14an Los Trankilos, Peña Poteo, Gauerdi, Los Perolas eta Burrunba Elektrotxarangarekin batera. Eta hilabete bukaeran (irailak 27an eta 28an) Irun Zuzenean Festibalarekin emango diote udako egitarauari azken agurra Ficoban, besteren artean, Bulego, Nogen edo Rulo y La Contrabanda bezalako taldeekin.