Oinaurreko jolas parkea estali egin du Irungo Udalak aurrekontu parte hartzaileetan hartutako konpromisoari bide emanez

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 15a, 11:43

Oinaurreko jolas parkearen azaleraren ia erdia estali egin du Irungo Udalak, aurrekontu parte hartzaileetan onartuta hartutako konpromisoaren baitan. Orotara, 406.681 euroko inbertsioa egin dute horretarako.  

2023ko Udal Aurrekontu Parte Hartzaileetan Oinaurreko jolas parkea estaltzeko aterpe baten eskaera egin zuten herritarrek, eta proposamen horrek Irungo Udalaren lan ildoa errespetatzen duenez, eta proiektua egingarria eta interes orokorrekoa zenez, proiektua idazteari ekin zioten auzotarrekin batera. Udalak azpimarratu duenez, irisgarritasuna, jasangarritasuna, genero ikuspegia eta inklusibitatea dira haur-parkeetan ere sustatu nahi dituzten irizpideak. Eta beraz, Olaketa parkean lehenik, eta Nagore Laffage plazakoan gero egin zuten bezala,  jolastoki hau estaltzeko eskaera aproposa da Udalaren arabera. 

Orotara, 406.681 eurokoa izan da bideratutako aurrekontua, eta Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, Otegi Gaztañaga Eraikuntzak enpresak proiektuan aurreikusi baino hiru hilabete lehenago bukatu ditu lanak. 

Oinaurreko jolasgune honek 1.100 metro koadroko azalera dauka, eta estali den eremua 486 metro karratukoa da. Bi elementu handi ditu estalkiak altuera desberdinetan, eta beste hirugarren plataforma bat ere badauka. Teilatuak forma errektangularra eta ertz biribilduak ditu. Parkearen bueltan, paseatzeko eta lasai egoteko eremu bat sortu dute, haur eta helduek erabiltzeko asmoarekin. Bestalde, argiztapena ere berritu dute.