Nestor Basterretxea Bermeon jaio zela 100 urte betetzen diren honetan, Irun Europako abangoardia artistikoa bilakatu zuen Oteiza-Basterretxearen Iparralde etorbideko tailer-etxeak emandako fruituak ezagutzeko aukera emango du Menchu Gal aretoak uztailaren 23tik urriaren 20a arte. Fernando Golvanok komisariatutako erakusketaz gain, Irungo Udalak hainbat bisita gidatu eta tailer proposatuko ditu Nestor Basterretxeak euskal kulturari eta sormenari egindako ekarpen sakona ezagutara emateko. «Nestor Basterretxeak ez du aurkezpenik behar, baina berak Irunen utzitako aztarna handia izan da, eta ezinbestean halako erakusketa bat antolatu behar genuen», argitu du Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura zinegotziak.
Izan ere, erakusketa honen bitartez ezagunak diren Nestor Basterretxearen sorkuntzak ez ezik, irundarren egunerokoan presente dauden hainbat elementuk gordetzen duten historia ere ezagutzeko aukera izango da, «askoren harridurarako».
Iparralde etorbideko tailer-etxea
Fernando Golvano erakusketaren komisarioak Nestor ezagutu zuen, eta azpimarratu duenez, Nestor Basterretxearen bidez, bera protagonista printzipala izan zuen abentura moderno baten istorioa kontatu beharra dago. Buenos Airesetik Madrilera iritsi zenean, Jorge Oteizarekin batera Irunen kokatzea erabaki zuela gogoratu du, eta Luis Vallet de Montanorekin batera urte luzetan birgaitzeko zain dagoen Iparralde etorbideko tailer-etxea eraiki zutenean, hau «hito bat, abanguardiaren hiriburu bilakatu zuen Irun», Gaur taldearen bilgune bilakatu zena. Ateneoa, Bidasoa, zinekluba, Ametsa abesbatza eta Irungo beste eragile askorekin ere partekatu zuen bere kosmogoniaren iraultza. Eta Irunen bere aztarna utzi zuen. «Oteiza eta Txillidarekin batera, gerra zibilak apurtutako tradizio modernoa berrasmatu eta euskal kulturaren konstelazioa osatu zuten bertan», aldarrikatu du Golvanok. Hortaz, mugako tailer horren berreskuratzea ezinbestekotzat jo du.
Cristina Laborda Irungo alkateak argitu duenez, Udalak eraikina erosi egin zuen eta une hauetan bisitagarri izateko proiektu museistikoa idatzi aurreko fasean daude, hau da, estruktura egonkortzeko azterketa lanetan. Urte luzetan abandonu egoeran egon ondotik, 1971. urtera arte Basterretxea, eta 1975a arte Oteizaren bizileku eta tailer izandakoak inbertsio handia beharko baitu orain berreskuratzeko. Gogoratu beharra dago, 2007an iada, Irungo Udalak Bidasoko Artisten Museoa bertan sortzeko proiektua iragarri zuela Fernando San Martin garaiko Kultur zinegotzi sozialistak.
Bertan jaio zen Gorka Basterretxea, Nestorren semea. Eta aitortu digunez, «suposatu zuenagatik, tailer-etxe hori santuario bat beharko luke izan». Zentzu horretan, museo baino Gaur taldeko artistek irudikatu zuten moduan, tailer edo esperimentazio gune bizi baten proiektua lehenetsiko lukete Nestor Basterretxearen senideek.
Irungo itinerario esperimentala
Halakorik errealitate bilakatu ezean, erakusketaren komisarioak aitortu du «espazio mugatua duen» Menchu Gal bezalako areto batean aurkeztu behar izan dutela urteurreneko omenaldi txiki hau. Hala ere, Nestorrek 1958-1971 urtealdian Irunen emandako urratsen sintesi borobila aurkezten dutelakoan dago. 23 obra original eta hainbat erreprodukzio biltzen ditu ‘Basterretxea Irunen’ erakusketak. Haien artean, 7 margolan, 4 collage, 4 eskultura eta beste hainbat argazki, maketa eta diseinu industrial haien artean.
Antolatzaileek azpimarratu duten bezala, gerora urteen poderioz bere poetika konstruktibo kosmopolitaren idealak markatu zituzten lanak Irunen garatu baitzituen hein handi batean. «Ez zen inolaz ere arte disziplina batetara mugatu, eta arlo guztietan esperimentatu zuen, beti abanguardia bilakatuz, mugak hautsiz», dio Fernando Golvanok. Margolari, idazle, olerkilari edota eskulturgile ez ezik, argazkilaritza esperimentalean eta zinemagintzan ere aritu zen Basterretxea. Horren adierazle ditugu Operacion H, Fernando Larruquertekin batera ekoiztu eta sari nazionalak jaso zituen Pelotari edota 1964ko Ama Lur filmak.
Diseinu eta aztarna ugari Irunen
Baina bere diseinu industrialek ere aztarna utzi zuten Bidasoa eskualdean. 1957tik aurrera altzairungintza diseinuan ere abanguardia izan baitzen H linea nordikoa sortuz. Eta ondoren BIOK tailer-lantegia ere sortu zuen eskualdean, aulki eta altzairu bauhouse estiloa bultzatuz Euskal Herrian lehen aldiz.
Irunen horren irudiko dugun eta berak utzitako aztarnetako bat da, hain justu, Aguirre gozodendaren berritzea bere garaian. Gaur egun oraindik ere mantentzen dituzten mahaiak edota lanparak ere berak diseinatutakoak baitira. Gorka Basterretxeak bere aitaren eraginaren presentzia aldarrikatzen du irundarren egunerokoan. Urdanibia plaza aldameneko iturria berak egin zuen, edota Ametsa abesbatzarekin harreman handia zuela, bere logoa ez ezik, “Karrasia” obra sortu eta horren aurkezpen emanaldirako abesbatzak gaur egun bere egoitzan horman zintzilik duen oihal-mural bat ere sortu zuen, besteak beste. «Beharbada, Menchu Gal aretoko erakusketara bisita gidatuak ez ezik, Irunen bere aztarna gordetzen duten lekuetara bisita gidatuak ere antola zitezkeen», dio artistaren semeak.
Aurki jakinaraziko ditu Irungo Udalak erakusketarekin batera proposatuko dituzten bisitak eta tailerren programazioa. Baina momentuz, uztailaren 23tik aurrera nahi duen orok izango du Nestor Basterretxeak Hondarribira jo aurretik Irunen eman zituen 13 urte haietan egindako ibilbidearen berri jasotzeko aukera. Komisarioak nabarmendu du, hala ere, garai haietan euskal kulturaren abangoardian bidelagun izan zituen beste hainbat artisten lanak ere osatzen dutela erakusketa, Zumeta, Oteiza edota Sistiagaren obra bana ere aurkituko dituzute bertan. Gaur taldearen konstelazioarena, alegia.