Irungo emisio gutxiko eremuaren diagnostikoan sakontzeko bilera irekia antolatu dute uztailaren 22an

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 18a, 07:20

Ekainaren 10etik 26ra irundarrek online ekarpenak egiteko aukera izan dute, eta Irun Taupaka kanpainarekin batera, diagnostikoa osatzeko kaleko inkestak egin ditu Udalak. Orain diagnostikoa eta proiektua garatzen jarraitzeko, herritarrak informatzeko aurreneko saioa antolatu du Irungo Udalak Palmera Montero gunean.

Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Barakaldo eta Getxo bezala, Irunek ere 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiek bezala, emisio gutxiko eremuak (EBE) martxan jartzera behartuta dago, kutsadura murrizte aldera. 2023an bete beharreko baldintza zuen, baina EAEko gainerako hirietan bezala, atzerapenez sartuko da indarrean. Izan ere, hunkitutako eremuaren zehazteko lanetan dabil Udala. Zehazki, diagnostikoa eta proiektua garatzeko ezinbestekoa den udal ordenantza lantzen ari dira kontratatutako enpresarekin. 

Lehen fasean murgilduta daude une honetan, eta Mugikortasun Jasangarriren Planaren baitan, fase hau irailerako amaitzea espero dutela argitu du Borja Olazabal Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak. Horretarako joan den azaroaz geroztik airearen kalitate neurketak egin dituzte Eusko Jaurlaritzak utzitako gailuekin Gipuzkoa etorbidea, Colon ibilbidea eta Urdanibia plazan. Diagnostiko integrala ari dira egiten hiria mugikortasunari, airearen kalitateari eta zaratari dagokionean zein egoeratan dagoen aztertzeko. Era berean, hirian isuri gutxiko eremuaren sorrerak zein eragin izan dezakeen ere aztertu nahi dute

Proiektuaren bigarren fasean isuri gutxiko eremua diseinatuko dute aurreko fasean egindako diagnostikoan ateratako ondorioetan oinarrituz, eta, hirugarren eta azken fasean estatu mailako araudiarekin bat etorriz proiektua idatzi eta behin-behinean onartuko dute.

Nolanahi ere, behin diagnostikoa eginda, eremua diseinatzen hasiko dira. Baina hasiera bateko asmo handiak horretan geratuko dela dirudi. Europar zuzentarauak eta Espainiako Legearen irizpidea jarraituz, Oxinbiribil, Elitxu eta Zubimuxu biribilguneen arteko hiriguneak osatzen duen hiruki osoan aplikatu beharko bailitzake isuri apaleko gunea, baina askoz ere txikiagoa izango dela dirudi. Nolanahi ere, herritarren ekarpenak jaso nahi ditu Udalak. Eta horretarako, fase hontako lehenengo informazio bilera egingo dute uztailaren 22an, 19:00etan Palmera Monteron.

Saio horretan, Irungo emisio gutxiko eremuaren diseinua eta hura arautzeko ordenantzaz arituko da Borja Olazabal udal ordezkaria, isuri gutxiko eremua sortzeko proiektua eta hura arautzeko ordenantza zehazteko kontratatutako enpresako ordezkariekin batera. Iragarri dutenez, proiektuaren arrazoiez arituko dira, baita legez nahitaez bete beharrekoez ere. Horrez gainera, eremua sortzeko irizpideak eta justifikazioak emango dituzte. Aurkezpenarekin bukatzeko, herritarrek parte hartzeko dituzten foroak eta hurrengo pausoak zeintzuk diren zehaztuko dituzte. Gainera, aurrerago saio gehiago egingo dituzte eta praktikoagoak izango direla azaldu dute.

Hurrengo asteleheneko saioan, herritarrek galderak egiteko aukera izango dute. Aurretik etxeko lanak eginda joan nahi duenak, udalaren orrialdean topatuko du informazio gehiago.