Santiago auzoko jaietako inoizko programarik oparoena ospatzeko prest

Koldo Nausia 2024ko uzt. 19a, 11:59

Santiago-La Bañera auzo elkarteak junta berritu du eta usadio handiko Santiago auzoko jaiak are gehiago indartzeko apostua egin dute. Uztailaren 19tik 25era hasierako eta bukaerako txupinen artean 60tik gora hitzordu antolatu dituzte «adin, gustu eta ordutegi guztien nahiak asetzeko». Nobedadeen artean, larunbatekoa, Burrunba Elektrotxarangarekin besta eta Gau Pasa egiteko aukera. 

Gaur 16:45ean txupinarekin hasiko dituzte Irungo Santiago auzoko jaiak. Santiago-La Bañera auzo elkarteak junta berritu du, eta uztailaren 25a arte astebeteko programazioa indartu nahi izan du aurtengoan. Urteroko hitzordu klasikoekin batera, hainbat nobedaderekin aberastu dute programazioa «adin, ordutegi eta gustu guztietarako proposamenekin». Hala pentsatzen du Amaia Navarro auzo elkarteko lehendakari berriak. Aurretik jaietan laguntzen aritu bada ere, koordinazioan ibili den aurreneko urtea du, «azken egunetan lan handiak» hartu dituztela aitortu digu. Orotara 32 lagun aritu dira auzoko jaien prestaketa lanetan zuzenean, eta makina bat bolondres ariko dira egunotan esku kolpe bat ematen edota jarduera desberdinak kudeatzen. Izan ere, auzoko elkarte eta eragileekin elkarlanean ari dira urtero bezala. 

Arrakasta ohi duten hitzorduak mantenduko dituzte. Egunero zezen txikien entzierroa 17:00etan Aldapa elkartetik abiatuta, edota buruhandiek 20:30ean auzoko kaleak hartuko dituzte egunero, auzoko Euskal Jai frontoian amaituz. Beste klasikoen artean ere, Haur Danborrada dute. Gaur 19:30ean egingo dute aurreneko entsegua, eta 8 urtetik gorako haur guztiei deia luzatu diote parte har dezan. «Guretzat hitzordu garrantzitsua da beti», nabarmentzen du Navarrok. Bigarren entsegua uztailaren 23an egingo dute 19:00tan. Eta biharamunean 18:30ean Aldapa elkarteko beteranoekin batera ospatuko dute. Zezen-suzkoak, margo lehiaketa, edota Santiago Eguneko Patata Tortila Lehiaketa (17:00etan) izango dira urteroko hitzorduen artean. 

Halere, aurten programazioa zabaldu nahi izan dute. Arlo gastronomikoan, ia egunero 19:00etan auzo elkarteak zerbait dastatzera emango du plazan. Uztailaren 19an barbakoa, hilaren 20ean sardinada, hilaren 21ean txokolatada... Era berean, haurrei zuzendutako disko festak eta helduentzako emanaldiak ere izango dira. Aurtengo nobedadea larunbata honetan iritsiko da. «Egun osoko programazioa antolatu dugu, goizeko 11:00etan hasi eta bestazaleentzat goizeko 3ak arte gaupasa eginez, eta lehen aldiz baratxuri zopa eta makarroiak tomatearekin banatuko ditugu bukatzeko», dio Amaia Navarrok. Eguna "Humor Amarillo" jolasekin hasiko da 11:00etan, IGA Abesbatza 12:00tik aurrera kalez-kale ibiliko da eta arratsaldeko 17:00etan Santiagoko 4. Herri Olinpiadak ospatuko dituzte 18 urtez gorakoentzat. Berritasun nagusia, aldiz, 20:00etan Burrunba Elektrotxarangarekin festa izango da. Disko Festak jarraituko dio, Bingoa eta House Music DJ Iban GErekin. 

Amaia Navarro, Santiago auzo elkarteko lehendakari berriak aipatu digunez, aurten hainbat nobedade izango dira auzoko jaietan, adin guztietarako. Batzuk gazteek proposatuta. Igandean Erromes plazan, adibidez, Laser Tag lehiaketa izango da. 

Auzoko plazan dauden feriak, antolatutako tailerrak edota 12 urtez azpiko arrantza zein ping-pong lehiaketak osatuko dute egitarau oparoa. Programazio osoa hemen duzute eskura. 

TRAFIKO OHARRA: Astebeteko auzoko jaiak ospatzeko, Santiago kalearen azken zatia itxia dago. Bestagunea hor kokatzen da, baita feriak ere. Eta honek eragina du Irungo erdigunera Iparralde etorbidetik eta Ertzaintzaren komisaldegiaren sarbidetik egiteko. Bertatik ezingo da Dunboara sartu astebetez.