Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hitzarmena berritu dute, zereginak banatu eta bien arteko lankidetza arautzeko

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 23a, 10:02

Ertzaintzaren eta Irungo Udaltzaingoaren arteko elkarlanerako hitzarmena 2007az geroztik indarrean bada ere, lankidetzarako protokolo berriak zereginen banaketa berrantolatu eta arautzen du. Hitzarmenari esker, euskal poliziak modu koordinatu eta eraginkorrago batean jardungo duela nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzako eta Irungo Udaleko agintariek. 

Irungo ertzain-etxetik eta Udaltzaingotik hiriko segurtasuna bermatzeko elkarlana etengabea bada ere, lankidetzarako mekanismoak arautzen dituen protokolo berria adostu berri dute. Juanjo Aizpiolea Irungo udaltzainburuak eta Luis Claveras Irungo ertzain-etxeko arduradunak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen espezifikoa berritu dute. Eta horren harira, Cristina Laborda Irungo alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak bilera egin dute, aipatutako sinadura berresteko. 

Cristina Labordak nabarmendu duenez, «hitzarmen honi esker, poliziaren baliabideak optimizatuko ditugu, erantzuna koordinatu eta eraginkorra izan dadin, herritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko». Gogoan hartu behar da, 2007an sinatutako hitzarmenari segida ematen diotela oraingo akordioarekin, eta beraz, bi indar polizialen artean elkarlanerako eskarmentua badaukatela. 

Halere, Irungo Udalak aho batez onartutako Segurtasunaren eta Bizikidetzaren Aldeko Ituneko neurrietako bat betetzeaz gain, hitzarmen berri honen helburu nagusia da Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlan horren prozedurak arautzea, operatibak azkartzeko eta herritarren beharrei hobe erantzuteko. 

Hitzarmen honekin bi erakundeen arteko lana balioan jartzen duela uste du Bingen Zupiriak. Sailburuak azpimarratu duenez, «17 urte eta gero bere fruituak ematen jarraitzen duen lankidetza da, eta zereginen banaketa berri honekin, jarduketa polizialen efikazia handitzeaz gain, egonkortzea ere bilatzen dugu». Izan ere, lankidetzarako protokolo honek, gainera, herritarrei erakutsi nahi die euskal poliziak modu koordinatu, eraginkor eta efizienteago batean dihardutela, herritarren aldeko lanean.