Uztailak 29an zuzenduko du Alex Mozas talde bidasotarraren entrenatzaile gisa bere aurreneko entrenamendua. Aurredenboraldiaren hasierarako lehen taldeko kide guztiak daude deituta, nazioarteko konpromisoak dituztenak izan ezik. Klubak argitu duenez, Leo Macielek Argentinako selekzioarekin parte hartuko du Parisko Joko Olinpikoetan, beraz Bidasoa Irun taldearen lehen saioetan ez du parte hartuko. David Faílde eta Alex Raix gazteak ere ez dira egongo, Espainiako eta Frantziako selekzioekinn gazteen Europako txapelketak ariko baitira. Era berean, Nacho Torrescusa prestatzaile fisikoa ere Parisen izango da Espainiako selekzioarekin.
Aurredenboraldirako Álex Mozasek Ander García eta Unai Barreto gazteak deitu ditu, baita Javier Gastaminza, Endika Wamba, Andoni Beraza eta Jon Ander Iribar ere.
Sei lagunarteko Euskal Herrian bertan
Bidasoa Irunek sei lagunarteko jokatuko ditu abuztuan zehar 2024/2025eko Plenitude Ligako hasiera prestatzeko, eta ez dute bidai luzerik egin beharko. Aldiz, horietariko bakarra jokatuko dute Artalekun, aurkezpen gisa, abuztuaren 24an (18:00tan) Paueko Billere Handball taldearen aurka.
Lehen partida, aldiz, Lekunberriko Plazaola kiroldegian jokatuko dute Helvetia Anaitasunaren aurka, abuztuaren 10ean 19:30tan. Nafarren aurka ariko dira ere bigarren lagunartekoan, Egiako Nazioarteko XXIX. Txapelketaren final-erdietan, abuztuaren 16an. Eta hurrengo egunean, finala ala hirugarren eta laugarren postuak argitzeko BM Logroño La Rioja eta Limoges Handball neurketatik aterako denaren aurka. Abuztuaren 23an, 20:00tan BM Logroño La Rioja izango dute aurkari, Elgoibarren, eta abuztuaren 31n Zarautzen kontra jokatuko du Mozasen taldea Aritzbatalde kiroldegian.