Euskal Jira ostiraletik igandera luzatuko bada, kirolekin borobilduko da hitzordua. Harri jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta lasterketa uztartzen dituen Pentatloia izanen da abuztuaren 4an Urdanibia plazan, goizeko 11:30ean hasirik. Lehian, Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena eta Xabat Olaizola ariko dira.
Lehiaketaz gain alabaina, erakustaldia ere izanen da, zailtasun apalagoko proba berdinekin. Hauetan, Jakes Iruretagoiena, Jon Zaldua, Amalur Arbelaitz eta Uxue Ansorregi ariko dira, lehiaketaren ondotik.
Borja Olazabal kirol zinegotziaren iritziz, hitzordu hau finko bilakatzeari esker "Herri Kirolak sendotzen ari dira Irunen”, eta Gipuzkoako federazioarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi du.
Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolen federazioko lehendakariak azaldu duenez, “prestakuntza handia” eskatzen duen lehiaketa “exigentea” da Irunen ikusiko dena, eta kirolariak “sasoi betean" izanen direla gehitu.
Euskal Jiraren ildoan bete betean kabitzen den lehiaketa da Pentatloia. Elkarteak antolaturiko ekimena ez bada ere, pozarren hartzen dutela azaldu ziguten joan den astean Iñaki Olazabal eta Amaia Lera antolatzaileek. Izan ere, landa eremuko ohiturak hirira eramatearen dinamikan kabida baitu kirol hitzorduak.
Irungo Udalak adierazi duenez, kirol proba egiteko trafikoa etengo dute Urdanibia plazan eta Korrokoitz karrikan 09:00etatik 14:30era bitartean; hala ere, Santa Elena karrikatik Larreaundi aldera zirkulatzen ahalko da goiz osoan zehar.