Txikis del Bidasoa elkarteak Irungo Udalaren babesarekin aurten antolatutako lau Girabira saioen bigarrena ospatuko dute irailaren 1ean Alai Txoko parkean. Joan den abuztuaren 9ko magia protagonista izan zuen lehendabiziko saioa arrakastatsua izan zela azpimarratu dute antolatzaileek, eta Bidasoaldeko familiak ez ezik, kanpoko bisitariak ere erakarri zituela nabarmendu dute. Irungo Udaleko Kultura ordezkari Nuria Alzagaren ustez, Girabira proiektua «ongi errotuta» dago Irunen, eta bertako familiek sobera ezagutzen dute. Baina «hiriko parkeak ezagutu, erabili eta kulturaz gozatzeko proposamen hau geroz eta jarraipen handiagoa du». Izan ere, antolatzen dituzten tailerretan plaza guztiak agortu ohi dituzte azken edizioetan.
Oraingo honetan, zirkuaren txanda izango da Alai Txoko parkean. «Familiek gehien estimatzen duten gaietako bat da zirkua, eta parte hartzaileek malabare eta oreka hastapenak ikasteko aukera izango dute», iragarri du Txikis del Bidasoako Pia Alzagak. Zirkua ardatz hartuta, 17:00etan hasiko da igande hontako jardunaldia hiru tailer desberdinekin. Malabareak, zirkumotrizitatea eta sormen tailer Artean Espazioak dinamizatuta. Ondoren, 19:00tan, NiMu konpainiak “Pausa” izeneko zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du familia osoarentzat.
Izan ere, seme-alabekin hurbiltzeko deia luzatu diete antolatzaileek eskualdeko familiei. Ekintza honen filosofia kontuan hartuta, mantak eta toallak eraman eta Alai Txoko parkearen arratsalde pasa berdeguneaz gozatzera animatu dute.
Udako bi saio hauen ondotik, udazkenean beste bi Girabira saio tematiko proposatuko dituzte. Irailaren 22an “Natura” ardatz izango duena Soroxarta parkean. Eta aurtengo edizioa borobiltzeko Txikimusika saio klasikoa Mendibil parkean, urriaren 13an.