Joan den uztailaren 28an Venezuelako hauteskundeak egin ziren, eta orduz geroztik berri nahasgarriak hedatu dituzte komunikabide gehienek. Hau dela eta, errealitatea aztertze aldera, Bor Bor hausnarketa kolektiborako taldeak, Hazia Kultur Elkarteak eta Union Comunerak hitzaldia antolatu dute «benetan gertatzen ari dena» argitzeko. Horretarako, Union Comunerako militanteak ostegun honetan, hilak 29an, 18:30ean Hazia Kultur Elkartera hurbilduko dira.
Uztaileko hauteskundeen ondoren, nazioartean zabaldu diren mezuek giroa «nahasi» dutela adierazi du kolektiboak, baina nabarmendu dute ez direla gutxi izan mugimendu bolibartarrarekin izandako elkartasun keinuak. «Venezuela bolibartarra inperialismoaren aurkako lubaki sendoenetako bat da, mundua irentsi eta erabateko gerrara garamatzan ereduaren kontrako erresistentzia» esan dute.
Hori dela eta, Venezuelan gertatzen ari dena mugimendu internazionalistaren interesekoa delakoan, hitzaldira gerturatzeko animatu dituzte herritarrak.
Iker Eizagirre, Bor Bor kolektiboko kideak eman dizkigu xehetasun gehiago.