Jai xumea da, baina jende asko hurbiltzen da beti. «Aurten larunbata izanda kalea estu geratuko zaigu» iragarri du Junkal Susperregi antolatzaile taldeko kideak. San Ramon jaia Kale Nagusikoena izaki, uda ondo amaitzeko ospakizuna ere bada irundarrentzat. 1991an hasi ziren ospatzen auzokide talde batek bultzatuta, baina espartin tirada 2002an hasi zela gogoratzen du Susperregik. «Jesus Pombar izan zen ideia proposatu zuena, eta bitxia izanagatik harrera ona izan zuen hasieratik», dio auzo elkarteko kideak. Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea 2016an hartu zuen festaren antolaketaren lekukoa, eta garaiak aldatzen doazten arren, urtez-urte mantenduko duten klasiko bat bilakatu dela deritzo. Izan ere, Kale Nagusian 1937az geroztik irundarren zerbitzura egon den Pombar oinetako dendak ateak itxi berri ditu aurten jubilazioagatik, baina espartinik ez da faltako ospakizunari segida emateko. Junkal Susperregik argitu digunez, «Inma bertako jabeak espartin poltsa bat eman zigun denda itxi baino lehen, eta badugu urte luzez egiteko».
Larunbata honetan goizeko 9:00tan hasiko dira San Ramon jaiak ohiko dianarekin. 11:00etan meza eta santuaren jaitsiera egingo dute. Eta 12:30ean salda banatuko dute Kale Nagusian Atzokoak abesbatzaren emanaldiak girotuta. Arratsaldean, aldiz, Peña Poteo Txarangak animatuko du Kale Nagusia 18:00etatik 20:00etara Espartin Jaurtiketa lehia ospatzen den bitartean. «Ez dira oinetako gisa erabiltzen ditugun apretak jaurtitzen, eskuz egindakoak dira eta 100 gramo besterik ez dute pisatzen», beraz ez dago entrenatzeko edo proba egiteko aukera askorik. Halere, urtero ikusmin handia pizten duen hitzordua da, eta jende guztiak du gutxi-asko noizbait saiakera egin.
Izena emateko egun berean 18:00etan egin beharko da Kale Nagusiko 17. zenbakian ezarriko duten karpan. Eta antolatzaileek iragarri dutenez, helduen kasuan 100 parte-hartzailetara mugatu dute aurten. Hauek 19:30ean hasiko dira jaurtiketa txapelketa. Eta aurretik, 19:00tan, 6-14 urte bitartekoek ere izango dute aukera. Kasu honetan, 50 haur onartuko dituzte gehienez ere.
Espartin Jaurtiketa amaitu ondoren DJ Onddar 2 eventsek animatuko du gaualdia, eta Kale Nagusiaren jeitsiera eta San Ramon kantuarekin itxiko dute besta.