Azken urteotan Irun gabonetako erosketen erreferentzia bilakatzeko helburuarekin ahaleginetan aritu da Irungo Udala. Eta urte osoko agenda hitzordu garrantzitsuenen artean kokatu daitekeela uste du Cristina Laborda alkateak. Izan ere, udako kultur eskaintzan Dies Oiassonis edota Euskal Jiraren balorazio ezinhobea egin eta gero, dagoeneko Eguberriko kanpainan lanean ari direla iragarri du. «Irun lurraldeko biztanleentzat erreferentzia bilakatzeko helburuarekin, etengabe hobetzen jarraitzeko erronka dugu», nabarmendu du alkateak.
Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko bisitariak erakarri nahi ditu Udalak. «Erosketak Irunen egin ditzatela», hori da helburua. Eta horretarako kultur eskaintza oparoa antolatzearekin batera, Irungo saltokiei zuzendutako Zabaltza plazako gabonetako merkatua errepikatuko dute abenduaren 13tik urtarrilaren 5era. Irailaren 9tik 27ra izango dute merkatariek etxola erreserbatzeko.
Entzuketa aktiboa
Dena dela, orain artean balorazio baikorra izan duten ekimenak mantendu, eta «urtero urrats bat gehiago emateko beharra», azpimarratu du Nuria Alzagak, Hiri Bultzadako ordezkariak. Baina Udalak egin ditzakeen balorazio kualitatiboetatik haratago, herritarren balorazioa bilatu dute aurten. Iaz 20.000 lagunek parte hartu zuten Eguberriko kanpainarekin antolatutako kultur hitzordu, kaleko jarudera eta ekimen desberdinetan. «Datuak hor daude, baina hobetzen jarraitzeko entzuketa aktiboa behar da, eta hori egin dugu hurrengo gabonetako kanpainari begira, irundarrak entzun, eta kasu egin», argitu du Alzagak.
Aipatutako inkestan herritarrek gabonetako kale-argiztapen gehiago eskatu dute. Beraz, Colon ibilbidean eta Sarjia parkean apaingarri berriak ezarriko dituzte, eta argiteria hobetuko dute bertan eta San Migel, Pio XII. Luis Mariano eta Iparralde hiribidean ere. Dena dela, abenduaren 4an Eguberriko kanpainari abiada emateko argien pizteko ekitaldia izango da nobedade aipagarriena. «Aurrerago zehaztuko dugu, baina ekitaldi horren bidez Eguberriei hasiera ofiziala ematen zaie, eta ekitaldiak berezko distira izan dezan bilatuko dugu aurten», iragarri du Cristina Laborda alkateak, «iazko gabonetan Irungo hiriak berezko distira izan zuen, eta hori errepikatu eta hobetu nahi dugu».
Hortaz gain, iaz 12.000 erabiltzaile jaso zituzten Luis Marianoko eta Sarjia parkeko izotz-pistekin batera, eta Anzarango txirrista mantentzeaz gain, aurten Curling eremu bat ere instalatuko dutela aurreratu dute.