TAO sistemak %51 plaza gehiago hartuko du Irunen 2025ean

Koldo Nausia 2024ko ira. 3a, 16:04

Artia, Larrendi, Elzatxo eta Kostorbe-Gal eremuetara zabalduko du Irungo Udalak TAO kontratu berriarekin. Egindako azken azterketen emaitzei jarraituz, Udaleko Mugikortasun arloak auzo horietan ere «errotazioa» bermatu nahi du. Gaur egungo 5.332 plazetatik 8.072ra pasako da TAO sistemaren menpe egongo diren azaleko aparkalekuen kopurua.

Irungo TAO kontratu berria 2025ean indarrean sartuko da, eta Mugikortasun arlotik aurreratu dutenez, «aldaketa garrantzitsuak emango dira, baina epe laburreko kontratu batekin». Izan ere, bi urte iraungo duen kontratua da, urtebeteko luzapena egiteko aukerarekin. Baina denbora epe horretan Irungo erdigunean Isuri Apaleko Eremua ezarri beharko dutenez, ez dute TAO sistema berriak aparkalekuaren kudeaketa baldintzatzea nahi izan. «Malgutasunez jokatu nahi dugu, Isuri Apaleko Eremuak hiriko trafikoa eta aparkatzeko ohiturak eraldatuko dituelako», argitu du Borja Olazabal Mugikortasun udal ordezkariak.

Nolanahi ere, TAO sistemaren helburu nagusia azaleko aparkalekuen «errotazioa bermatzea» izanik, Mugikortasun arlotik gidarien ohiturak eta trafikoen fluxuak etengabe aztertzen dituztela gogoratu du. Horrela, 2022-2023 urtealdian egindako azken diagnostikoan, Irunen aparkatzen duten ibilgailuetako «asko bertakoak ez direla» ondorioztatu dute, eta TAOrik gabeko eremuek aparkatzearen presioa jasaten dute. Udal ordezkariaren arabera, ohikoak dira epe luzeetan plazak okupatzen dituzten enpresa-furgoneta eta ibilgailuak, besteak beste.

Horiek hala, auzo elkarteekin egoera aztertuta, eta errotazioa bultzatzeko helburuarekin, TAO sistema lau eremu gehiagotara zabaltzea erabaki dute. 2025etik aurrera 17 izango dira Udalak TAO sistemarekin kudeatuko dituen Irungo eremuak. Eta oraingo honetan  «dentsitate handiko guneak» diren Artia, Larreandi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremu berriak sortuko dituzte horretarako.

Hau da TAO eremuen plano berria, aurretik finkatutako eremuak bere horretan mantenduz. 

Halere, auzo hauetan eta dagoeneko TAO indarrean duen Belaskoenean ere, ordutegiak desberdinak izango dira. Olazabalek argitu duenez, «auzo hauek ez dira komertzialak eta errotazio dinamika apalagoa denez, arratsaldetan 20:00 arte beharrean 18:00 arte izango da». Era berean, larunbata goizetan aparkatzea dohakoa izango da.  

Aldaketa hauekin, gaur egun TAO sistemaren barruan dauden 5.332 plazetatik 8.072ra hedatuko da marra urdina Irungo azaleko aparkalekuetan. Bestalde, «auzo elkarteekin adostutako eta kasu askotan haiek eskatutako» neurria izanik ere, egoiliarrentzako erreserbatutako plazak ere, gehiago izango direla iragarri du Olazabalek.