Miren tolosa

«Gehiengoa titulua eskuratzeko dator Udal Euskaltegira, baina ikasleen profila anitza da Irunen»

Koldo Nausia 2024ko ira. 4a, 13:45

Irungo Udal Euskaltegiak irailaren 17an itxiko du ikasturte berrirako matrikulaldia. Joan den urtean 310 ikasle inguru aritu ziren bertan, eta B2/C1 azterketetarako prestatu nahi dutenak asko badira ere, debalde ikasten duten langabetuentzako LanNahi programaren ikastaro trinkoak, edota merkatariei, guraso taldeei zein bilobekin hobeto moldatu nahi duten adineko pertsonei zuzendutako taldeak ere osatzen dituzte. 

Mailaketa froga egiteko aukera emango du Udal Euskaltegiak euskara maila guztietan ikasteko interesa duenarentzat egunotan. Matrikula egiteko kanpaina bete-betean daude, eta horretarako idazkaritza ordutegi berezia dute iraialren 17an izena emateko epea itxi bitartean, astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:30era goizean, eta arratsaldeko 16:30etik 19:00etara. «Mailaketa froga, azterketa sinple bat besterik ez da, ikasle berriak talde egokienean kokatu ahal izateko», argitu digu Miren Tolosa Udal Euskaltegiko zuzendariak. 

Bederatzi irakaslek osatzen dute bertako lantaldea, eta Irungo Udal Gobernu berriaren egituraketa dela medio, Euskara arlotik Hezkuntza departamendura lekuz aldatu dute. Fisikoki eta praktikan, aldiz, iazko dinamika beretsuan ari dira lanean ikasturte hasiera honetan ere. «Urritik ekaina bitarteko ikastaroetarako izena emateko epea ireki dugu orain, baina berez, hemen ez dugu atsedenik hartzen, udan ere ikastaro trinkoekin aritu gara», dio zuzendariak. Izan ere, asko dira LanNahi programari esker, langabezian ala lanaldi erdia baino gutxiagoan lanean ari direnak debalde ikasteko aukera aprobetxatzen dutenak. Dena den, Udalak eta HABEk eskaintzen dituen beka sistemari esker, gainerakoek ere aukera dute diruz lagunduak izateko. Miren Tolosak azaldu digunez, «horretarako ikastaroaren bukaeran klaseetara asistentzia maila eta aprobetxamendua baloratzen da». 

Ikasle profila eta helburuak

Ikastaro trinkoak dira euskaran azkar aurrera egiteko aukerarik onena bere ustez, egunean hiru ala lau orduko ikastaroak. Halere, eta maila guztietarako klaseak proposatzen dituztela kontuan hartuta, «ikasleen gehiengo batek titulua eskuratzeko helburuarekin etortzen da euskaltegira», aitortzen du Tolosak. Izan ere, B2/C1 azterketak prestatzeko taldeak ere osatzen dituzte espreski. Halere, merkatari, guraso talde zein erretiratuentzako ikastaroak  ere proposatzen dituzte astean bitan. «Badira euskara hobetu nahi duten pertsona helduak, edota haien bilbobekin moldatu ahal izateko euskara ikasi nahi dutenak ere», aitortu digu Udal Euskaltegiko zuzendariak. 

Ikasle profila anitza bada ere, azken urteotan ikasle kopuruak nahiko egonkorrak direla dio. Iaz, adibidez, 310 ikasle inguru bildu zituen Irungo Udal Euskaltegiak, aurreko urtearen pareko. Aldiz, bertatik sustatzen dituzten Mintzalaguna edota Elkarrizketariak bezalako ekimenetan parte hartzea apaldu egin da. «Beti saiatzen gara ikasgelan ikasitakoa kalean praktikan jar dezaten, teoria finkatzeko ezinbestekoa delako mintzatzea», dio Miren Tolosak, «klasean saiatzen gara, baina Mintzalaguna bezalako programak eraginkorrak dira horretarako, eta azken urteetan asko kostatzen ari zaigu taldeen dinamizatzaile lanak egingo duten pertsonak animatzea». Hala ere, astean ordubetez elkartu eta inguruan euskaldunen sare sozialik ez duten ikasle horientzako oso lagungarriak dira halako ekintzak.