Irun ez kolapsatzeko 'Itzulera Operazio' planak 37.000 euroko kostua izan du

Antxeta Irratia 2024ko ira. 5a, 10:27

2022an emandako egoera errepika ez zedin iaz hartutako neurrien haritik, aurtengo planak ere helburua bete duela azpimarratu du Cristina Laborda alkateak. «Udalaren kudeaketa gainditzen duen egoera» bat dela aitortu badu ere, Ertzaintza, Bidegi eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin koordinazioan aritu diren 15 udaltzain mobilizatu ditu Udalak abuztuan hamar egunez. 

Hamar egunez aktibo egon den Itzulera Operazio planak 2022an hirian emandako kolapsoa sahiesteko helburua bete duela azpimarratu du Irungo Udalak. Iaz bezala, Irun aldera zetozen kanpoko ibilgailuei sarrerak itxi eta zirkulazioa autobide eta errepide nagusietara bideratzeko lehentasunarekin lanean aritu da abuztuko bigarren hamabostaldian Irungo Udaltzaingoa. «Lan handia» egin dutela azaldu du Cristina Laborda alkateak, eta gainerako administrazioekin izandako koordinazioa aipagarria dela nabarmendu du. Udaltzaingoa Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin eta Bidegirekin aritu baita elkarlanean.

Egunero hamabost agente mobilizatu ditu Irungo Udaltzaingoak abuztuko bigarren hamabostaldian Itzulera Operazioaren planaren baitan. Biriatu eta Landetxa-Kateako ordainlekuen arteko zirkulazioa kudeatzeko plana aurrera eramateko udaltzainek egindako 384 ordu gehigarriek 37.000 euroko kostua izan dutela argitu du Cristina Laborda alkateak. Eta giza baliabideez gain, 103 hesi eta 81 kartel erabili dituzte trafikoa desbideratzeko.

Zentzu honetan, iaz bezala aurtengoan ere, Oinaurreko AP8 autobidearen sarbidea kontrolatzeko lanak eraginkorrak izan direla azpimarratu du. Bertan ere, Landetxako hegoaldeko sahiesbide berrian irundarrei soilik pasoa baimenduz. Planaren helburua 2022an Irungo hirierdi eta auzoetan emandako autolerro eta blokeo egoera orokorra sahiestea zen heinean, «kanpaina arrakastatsua» izan delakoan dago Udala. 

Hala eta guztiz ere, «herritarren pazientzia eta ulertzeko gaitasuna» eskertu ditu alkateak. «Udalaren kudeaketa gainditzen duen egoera bat da. Ez dugu eskumenik mugen kudeaketan ez eta Europa iparralderantz doazen ibilgailuen fluxuan, baina udaltzainen lan handiari esker, finkatutako helburua bete dugu», adierazi du.