Mugikortasun Jasangarriaren Astea prestatzen ari da Irungo Udala. Irailaren 17tik 22ra tailer eta ekimen andana proposatuko dituzte Udaleko Mugikortasun arlotik ez ezik, Gazteria arloa, Udaltzaingoa, Txinzer eta Balazta edo Nagusilan elkarteekin elkarlanean. Bizikletak izango du protagonismorik handiena. Halere, Borja Olazabalek, Mugikortasunerako zinegotziak adierazi duenez, Irungo Udalak urte osoan zehar mugikortasun jasangarria sustatzeko egiten duen lanaren azpimarra besterik ez dute egingo egun horietan.
«Udalaren proiektu garrantzitsuenetan mugikortasuna giltzarri da, Mugikortasun Plana, Isuri Apaleko Eremuaren ezartzea edota Via Irun proiektuan ere garrantzi handia duen gaia da, eta urteak daramatzagu autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartzen», argitu du Olazabalek. Horren irudiko irailaren 22an ospatuko den Kotxerik Gabeko Eguna jarri du udal ordezkariak. Izan ere, Colon pasealekua itxi egingo dute, baina Udalak lau urte darama Igandero ekimenarekin hori bultzatzen.
Bizikletaren alternatiba
Dena dela, Europako Mugikortasun Astean bizikletaren erabilera bultzatuko dute bereziki. Garraio publikoan IrunBuseko bidaiari kopuruak urtez-urte hobetzen doazten bitartean, Udalak egindako azken diagnostikoan hiriko desplazamenduen %2 baizik ez baitute irundarrek txirrindaz egiten.
Horrela, antolatutako ekimenen artean, Balazta eta Nagusilan elkarteek triziklo Nagusikleta ibilaldiak egingo dituzte Caser Anakako egoiliarrekin irailaren 18an. Hilaren 20ean gazteei zuzendutako scape room edo ihes-joko bat proposatuko diete gazteei Urdanibia plazan 17:00etatik 20:00etara. Eta irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean, Colon ibilbidea trafikoarentzat itxi egingo dute, ohikoa den bezala, eta besteak beste, Txingudiko Zerbitzuak antolatutako bizikleta eta patineteen bigarren eskuko salmenta azoka izango da. www.txinzer.eus atarian izena eman behar da aurretik, halako bat saldu nahi bada. Txingudiko Zerbitzuakek sei MerkaBidasoa azoka antolatzen ditu urtero, eta horietariko bi mugikortasunari lotutakoak dira. Bertako ordezkariek jakinarazi dutenez, halako azoketan 15 eta 500 euro arteko bizikleta eta patinete elektrikoak saldu daitezke, eta batez bestean 100 bat bildu ohi dituzte azokan. Iazko Mugikortasun Astearen edizioan 6.500 euroko salerosketak eman zirela azpimarratu dute, eta beraz, azoka eraginkorra delakoan daude.
Baina pedagogia ere egin nahi dute Mugikortasun Astean. Horrela, eskolara oinez ala bizikletaz joateko Eguzkitza ikastetxearekin abian jarri zuten BiziBusa ekimenari bultzada emango diote irailaren 20ean, ostiralarekin. Eta era berean, urtean zehar eskolartekoei zuzendutako Bide Heziketa ikastaroak eskaintzen dituzten udaltzainen eskutik, helduei zuzendutako Bizikletan Segurtasunez Ibiltzeko tailerra emango dute irailaren 17an goizez (10:00etatik 13:00era), eta hilaren 19an arratsaldez (15:30etik 18:30era).
Txema Ortun udaltzainak argitu duenez, «txirrindan ibiltzen dakiten askok ez dute euren burua seguru sentitzen hirian errepidetik mugitzeko, eta erakutsiko diegu neurri gutxi batzuk hartuta 30 eremuetan arazorik gabe ibili daitekeela». 16 urte artekoek kaskoaren erabilera derrigorrezkoa da, noski, baina segurtasun neurririk onena bide bazterretik joan beharrean kalearen erdigunetik zirkulatzea dela gomendatzen du Udaltzaingoak. «Hiru orduko ikastarotxo bat da, eta beldurra galtzeko balio izango du», iragarri du. Tailer hauetan parte hartzeko SAC-HAZ bulegoan izena eman behar da irailaren 17a baino lehen.
Bestalde, irailaren 22ko eguna borobiltzeko, familiei deialdia luzatu diete Bizikleta Martxa herrikoian parte hartzeko. Goizeko 10:45ean Zabaltza plazatik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute lasai asko eta adin guztierako egokia den abiaduran. Iragarri dutenez, Urdanibia plazan atsedena hartuko dute hamaiketakoa egiteko.