2025eko Irungo Udal Aurrekontuetan 1,5 milioi euro erabakitzeko partaidetza prozesua irailaren 11an hasiko da

Antxeta Irratia 2024ko ira. 6a, 13:19

Irundarren proposamenak bildu eta haiek erabakitako proiektuak bideratzeko 1,5 milioi euro gordeko ditu Udalak 2025eko Udal Aurrekontuan. Partaidetza bidezko aurrekontuen prozesuaren lehen bilera irailaren 11n egingo dute, eta irailaren 12tik 16ra zabalduko dute proposamenak online bidez egiteko aukera. Proposamen finalisten azken bozka urriaren 4tik 8ra egingo da.

Partaidetza bidezko aurrekontuen aurtengo prozesuaren berri eman du Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkari Sergio Javierrek. Aurtengoan ere 1,5 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2025ean, udazken honetan prozesu honen bitartez erabakiko dituzten proiektuak gauzatzera. Horietatik 200.000 gazteentzako prozesuaren barruan 16-30 urte bitartekoek onartutakoak diruztatzeko izango da. Eta 16 urtetik gorako irundar guztiek izango dute gainerako 1,3 milioi euroak zertara bideratuko dituzten erabakitzeko aukera. 

Azken urteotako parte-hartze eredu beretsua mantenduko du Udalak. Irailaren 12tik 16ra proposamenak online aurkezteko epea zabalduk dute, eta bertan bildutako proiektu guztiekin irailaren 30etik urriaren 1ean bozkatzeko aukera emango dute. Boto gehien jasotzen dituzten 13 proposamenak azken fasera pasako dira zuzenean. Gogoan hartu, irun.eus atarian proposamenak egin zein bozkatu ahal izateko Irun Txartela beharrezkoa dela. Txartela ez dutenek HAZ bulegoan bertan egin dezakete. 

Bestalde, aurrez aurreko bilerak egingo dituzte Palmera Montero gunean. Irailaren 11n 19:00etan egingo dute aurreneko bilkura, eta parte-hartzaileek adostuko dituzten hiru proposamen aukeratuko dira azken faserako ere. Beste lau proposamen finalistak, aldiz, Auzo Elkarteen federazioak eta Hiritar Foroak egindako ekarpenak izango dira. Horiek horrela, orotara 20 proposamen izango dira azken bozka fasera pasako direnak. 

Gazteentzako prozesuan, berriz, online zein aurrez aurreko bileratan egindako proposamenak izango dira batetik, eta bestetik, Eskola Agenda 2030 ekimenaren eskutik (bi proposamen) eta proposamen bana Gazteria Zerbitzua eta IrunBixi Foroaren eskutik iritsiko dira. 

Prozesu bakoitzean 20 proposamen bilduko dira guztira. Eta proposamen finalistak urriaren 4tik 8ra bitartean bozkatzeko aukera izango dute 16 urtetik gorako irundarrek. Udalak oroitarazi duenez, prozesu bakoitzak duen aurrekontu muga agortu arte onartuko dituzte bozka gehien dituzten proposamenak. Eta ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek aztertuko dute proiektua egingarria ote den.