Uda honetan Olinpiar Jokoen garaian kontrolak zorroztu ahal izateko helburuarekin, Europako Batasunak Schengen espazioaren arauetan Frantziarekin salbuespena egin badu ere, inoiz baino kontrol polizial gutxiago egin dute Santiago zubian. Urriaren 1a arte indarrean da salbuespena, baina irailaren 9an kendu dute azken urteetan zubiaren errailetako bat blokatzen zuen polizientzako etxola. Gogoan hartu behar da, 2023ko urriaren 31n auto batek etxolari kalte materialak eragin zizkiola, etxolaren kontra izandako istripu batean. Eta hau berritu egin zutela orduan.
Azken bi urteotan Irungo Harrera Sareak, Bidasoa Etorkinekin, Diakite eta Ongi Etorri Errefuxatuak elkarteek hainbatetan elgarretaratzeak egin dituzte etxola hauen presentzia salatuz. Eta oraingo aparteko jakinarazpenik gabe kendu dute. Aldiz, Irungo Behobia eta Urruñako Pausu arteko zubian bere horretan jarraitzen du etxolak. Eta gaur bertan goizeko lehen orduetatik aritu da polizia frantsesa ohiko mugetako kontrolak egiten bertan. Beraz, Irungo Harrera Sareak «garaipen sinbolikotzat» jo du Santiago zubiko etxola kendu izana.
Izan ere, poliziak Hendaiako tren geltokian eta barnekalderako kontrol zorrotzak egiten jarraitzen duela gogoratu du. Izan ere, beroan itzuli ohi dituzten migratzaileak ez ezik, ezin ahantzi daitezke zubitik 200 bat metro eskaxetara, Hendaiako komisaldegiaren gibelean erretentzio zentroa dagoela. Eta Cimade elkarteak joan den maiatzan plazaratutako Hendaiako Erretentzio Zentroaren datuen arabera, 2022an 261 pertsona atxiki zituzten bitartean, 2023an 351 lagun atxilotu zituzten, gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zutelarik. %55a aske geratu bazen ere, paperik gabeko pertsonak atxilotu eta frantses estatutik kanporatuak izan ala ez deliberatzeko epailearen aurretik pasa bitartean, batez bestean 24 egun izan zituzten giltzapeturik. Cimade elkarteak dio «Frantzia txapelduna dela kanporatze materian». Iaz 46.955 paperik gabeko pertsona atxilotu zituen estatuan dauden 25 atxikitze zentroetan.
Uda lasaia mugan
Hala eta guztiz ere, nahiko uda lasaia izan da Bidasoko mugan migrazio bidean doazten migratzaile kopuruei dagokienez. Uztailan 225 lagun artatu zituen Irungo Harrera Sareak, eta abuztuan beste 369 migratzaile. Orotara, 594 lagun izan dira, iazko udako kopuruaren antzekoa.
Ohikoak baino datu apalagoak, baina Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kideak argitu duenez, «aste santu eta udako turismo kanpainetan, espainiar estatuak migratzaileak erretenitzen ditu, dosifikatu, negozioa eta irudia garrantzitsua delako, bereziki Kanariar Uharteetatik penintsularako bidean». Azken hilabeteetan estatuko zentro batzuetatik besteetara bidaltzen dituztela ohartu dira Harrera Sareko kideak, «beraien helburua Irunera iritsi eta Frantziarako bidea jarraitzea bada ere, mareatu egiten dituzte».
Udako kanpaina amaituta, azken egunotan migratzaileen kopuruak handitu egin direla ohartarazi dute Irunen. Gaur bertan (irailak 10) 23 lagun jaso dituzte San Juan plazako harrera gunean. Irailaren 4an 23 izan ziren, eta beste 21 irailaren 5ean.