Irungo Udalak bertako artista eta eragileen eskutik kultur eskaintza indartzeko erabakia hartu du uda honetan. Elkarlan horri esker, udako agenda 50 kultur hitzordu baino gehiagorekin osatzea ahalbidetu badu, atzerriko bisitariak %64 batean emendatzeko erreklamu ere izan da. Baina uda borobiltzeko bertakoekin eta bertokoentzat borobildu nahi dute uda. Horretarako, UdaTxao! Jaialdia antolatu dute irailaren 21ean Sargia parkean. Zirkua, arte eszenikoak, zeramika eta margo tailerrak eta chill eta reggae musikak osatuko dute gazteei zuzendutako egitaraua.
Hain justu, jaialdia iaz gazteei zuzendutako Udal Aurrekontu Parte Hartzaileetan bozkatutako proposamenetako bat da. Sergio Javier Irungo Udaleko Gazteriako ordezkariak hirian izan den «uda zoragarriari agur esateko amaiera ekitaldi gisa» aurkeztu du ekimena. Eta ohiko eszenatokietan ez ezik, hiriko kaleak eta plazak bertako artista eta sortzaile gazteentzako agertoki bilakatzeko aukera aldarrikatu du udal ordezkariak.
Programa arratsaldeko 18:00etan hasiko da Irungo hiru emakume gaztek osatzen duten Lilibat Sound reggae musikan oinarritutako DJ saio batekin. Bestalde, Laura Miner irundarrak zeramika tailerra eskainiko du (GazteARTEan webgunean izena eman daiteke). Era berean, GK Galleryko Garikoitz Murua artistak pintura-tailerra proposatuko du.
Bestalde, Marrubi goxoki-dendak lehengo eta oraingo goxokiak emango ditu dastazera, ondoren horri buruzko eztabaida piztu eta inkesta bat osatzeko helburuarekin. Eta Chocolates de Irunen bonboiak ere izango dira tailerretan probatu nahi dituenarentzat.
Eguna arte eszenikoekin borobilduko dute. Irungo Estebe Abrisketa irundarrak eta Efren Colomer palentziarrak sortu duten 2HOTZ izeneko 17 minutuko dantza pieza bat eskainik dute 19:45ean.
Hasi berriak diren bi dantzariek euren proiektu koreografikoa aurkeztuko digute. Estebe Abirsketak aitortu digunez, «Udalak gazteei halako aukerak ematea ezinbestekoa da, hain zaila den dantza garaikidearen munduan aurrera egiteko». Are gehiago gizonak diren dantzarien kasuan. Izan ere, Irunen azken urteetan dantza akademien loraldi bat eman bada ere, dantzarien %99a neska izan ohi da. Hortaz, halako ekimenetan «oraindik ere zokoratu xamar dabilen mutilen dantza grina suspertzeko, eta lotsa galtzeko baliagarria izan daiteke» bere ustez.
Ondoren, 2022an Donostian sortu zen ZirKuSS proiektuaren eskutik, zirkua, akrobaziak, dantza eta antzerkia uztartzen dituen HAZIA ikusgarria eskainiko dute. Lander Brionesek zuzenduta, 35 minutuko pilula bat dela argitu du.
Sustrai ikuskizunaren zati bat. Brionesek aitortu du, Iker Galartzak duela sei urte sortutako Gure Zirkua proiektuari esker, zirkuak oihartzun handiagoa duela. «Ni neu ari naiz akrobaziak egiten Gure Zirkuan ere, eta orain arte zirkua animaliekin eta pailazoekin lotzen zen bitartean, orain artearen agertoki ere badela erakutsi ahal izan dugu», dio Brionesek. Zentzu honetan, zirku karpa baten azpian beharrean, Sargia parkean aire zabalean egin ahal izatea, berezia izango dela nabarmendu du.
UdaTxao! Jaialdiak denetarik izango badu, Kilimak talde hernaniarrak itxiko du 21:00etatik aurrera emango duen kontzertuan gorputzak astintzeko aukera emanez, euskarazko hitzekin baina rumba doinuak ekarriz.