Eskolaren arabera irailaren 6tik 11ra bitartean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 2.300 haur eta gaztek egin dute eskola sartzea Irunen, hirian dauden 16 ikastetxe publiko eta itunduetan. Cristina Laborda alkatea eta Jon Ugarte Hezkuntzako udal ordezkaria Belaskoenea ikastetxera bisita egin dute gaur ikasturteari ongi etorria emateko. Alkateak aipatu duenez, azken urteetan jaiotze-tasa apaldu bada ere, iazko ikasle kopuruekin ez da alde handirik, «beste lurralde batzuetako ikasleak etorri izanak jaiotza kopuruaren beherakada konpentsatu duelako».
Horiek horrela, datuak gordinki aztertuz gero, demografiaren garapena Irunen nolakoa den irudikatu daiteke zikloka gorabehera handiak daudela ikusita. Izan ere, aurten LHn 1.002 ikasle matrikulatu badira, HH eta DBH zikloak alderatu besterik ez dira egin behar hamarkada betean jaiotze-tasa erdira apaldu dela ohartzeko. Bi ziklo hauek lau kurtso hartzen baitituzte bere baitan, 2-6 urte HHren kasuan, eta DBH 12-16 urtekoenak. Eta 2024/2025 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 864 ikasle diren bitartean, txikienen kasuan 436 matrikulatu dira.
Ikastetxeak hobetzeko inbertsioak
Bestalde, Udalak ikastetxeetan egiten dituen inbertsioak oroitarazi ditu Jon Ugartek. HH-LHko zentroetako mantenu lanak Udalaren eskumena diren heinean, udako oporraldiak aprobetxatu dituzte hainbat hobekuntza eta konponketa egiteko. Aurten 440.000 euro bideratuko dituzte hiriko lau ikastetxetan instalazioak atontzeko.