Puianako Baratze Parkeko 70 baratzeak zozketara atera ditu Udalak berriz

Antxeta Irratia 2024ko ira. 13a, 10:42

Datozen lau urteetan 30 metro koadroko baratze bat erabiltzeko interesa duten irundarrek, urriaren 2a arte dute Udalari eskaera luzatzeko aukera. 2017an martxan jarri zituztenetik hirugarren aldiz banatzen dituzte, eta aurrekoetan bezala eskaera handia bada, 70 partzelak banatzeko zozketa egingo dute.

Irungo Udalak Puianako Ekobaratze Parkean 30 metro koadroko lursailak zozketatuko ditu berriz. 2017an martxan jarri zuten proiektua «elikagai osasuntsuak eta baratze lanak hiritarren eskura jartzeko» helburuarekin. Eta harrera beroa izan du irundarren artean. 2017an eta 2021ean egindako zozketetan eskaerak ia hirukoiztu egin baitu eskaintza. Orotara 70 baratze jartzen dituzte herritarren eskura, eta azkenekoan 200 lagun inguruk adierazi zuten interesa. 

Onuradunek 100 euroko fidantza jarri beharko dute, eta Udalak zehazten dituen zenbait erabilera baldintza bete, besteak beste, laborantza ekologikoa egin beharra dagoela bertan. Horiek hala, irailak 13tik urriaren 2a arte luzatu daiteke eskaera Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, autozerbitzu terminalen bidez edo aurrez aurre, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan egin daiteke.

Borja Olazabal zinegotziak argitu duenez, 70 baratzeak kolektiboka banatuko dituzte. Desgaitasunen bat edo mugikortasun urria duten per­tso­nentzako partzelak erreserbatuko dituzte batetik, eta gainerakoak adinaren arabera zozketatuko dituzte: 23 baratze 65 urtetik gorakoentzat, 30 m2-ko 28 baratze 36 urtetik 65 urtera bitartekoentzat, eta beste 14 baratze, 18-35 urtekoentzat. Era berean, Irungo Baratze Parkeko sei partzela interes berezikotzat hartzen diren eta egoitza Irunen duten entitateentzat gordeko dituzte. Irabazi asmorik gabeko elkarte eta ikastetxeentzat, adibidez.