Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Urteroko sagar uzta berriaren aurkezteko Irungo Etxezabal baserria hautatu dute oraingoan. Batetik, keinu sinboliko gisa. Gaur egun 250 sagargile, 500 hektarea eta 47 sagardotegi biltzen dituen Jatorri Deiturako sormarka, Iparralde eta Nafarrora zabaldu nahi dutelako. Ipar Euskal Herrian, aurten, iazko uztaren %60a biltzea espero dute.
Bestetik, Meaka auzoko Arantzateko Dorrearen parean, Arantzateko burniolan dagoen Euskal Sagardoaren katalogoan dagoen (euskalsagardoa.eus/katalogoa) Bidasoaldeko sagardotegi bakarrari, OLA sagardotegiari ez ezik, Bereziartuari hornitzen dion 3 hektare sagasti kudeatzen dituelako baserri honek. Xabat Mendia bertako nagusiak aipatu digunez, iaz 30.000 kilo sagar sortu zituzten, eta aurten 10.000tik gora biltzeko itxaropena dute.
Hala, uzta biltzeko aurreneko egunak dituztela, lehen muztioa dastatzeko aukera izan dute sektoreko ordezkari eta agintariek Etxezabal baserriaren sagastietan. Baita aurtengo uztaren aurreikuspenak egin ere. Iazko uzta handia izaki, ez-urtea dela kontuan hartuta iazkoaren %30-%40 inguru sagar biltzea espero dute. Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 2 milioi kilo aurreikusten dute jasotzea Euskal Sagardora bideratutako sagastietan.
Unai Aguirre, Euskal Sagardoa elkarteko zuzendaria eta azterketa teknikoak egiten dituen Fruitel elkarteko Ainhoa Larreak azaldu dutenez, «neguan hotz gutxi eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bota badu ere, azken asteetako euriak fabore egin dio sagarrari, eta sano dago». Iaz baino gutxiago hala ere.
Tradizioa mantenduz, esperimentazioa
Frutarbolek berezkoa duten alternantzia horri aurre egin nahian dabiltza ekoizle eta agintariak. Aditzera eman dutenez, «15 urtetan hemengo sagardoa %100 bertako sagar hutsez egitea dute helburu. Eta horretarako ekoizpena handitu behar da». Euskal Sagardoa ekoizteko 155 hektarea sartu berri dira produkziora. Eta sagasti berririk gehien Gipuzkoako lurraldean jarri dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Mikel Azpiri, aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Departamenduko teknikariak argi utzi du, sortu berri duten departamenduaren lehentasunetan dagoela, euskal sagardo ekoizpena eta sektorea babestea eta garatzea. «Bertako sagarraren aldeko apostua egiten du aldundiak, eta laguntzak ez dira soilik, merkatuan geroz eta presentzia handiagoa duen Euskal Sagardoaren ekoizpena sustatzeko, ikerketa eta esperimentaziorako ere», argitu du Azpirik.
Zentzu honetan, ehundaka edo milaka urte dituzten gure sagar motak, oso berria den Geneva espezieko txertaka baten gainean txertatuz frogak egiten ari dira. 106 sagar mota ditu onartuak Euskal Sagardoak bertako gisa, eta horietatik 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak. Baina Aitor Etxeandia, Fruitel elkarteko teknikariak argitu digunez, «phytorphthora gaixotasunari erresistentzia hobetzen duen txertaka da hau, baita beste izurrite batzuei tolerantzia handitu, eta ekoizpena hobetu dezake». Aurten hasitako esperimentazioek ez dituzte nahi bezalako emaitzak eskaini, baina batetik tradizioa eta kultura, eta bestetik gaur egungo tendentziak, denak uztartu nahi dituzte kalitatezko sagarra eta sagardoa lortzeko. Eta horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Otalarrea Finkan sagasti berri bat sortuko dute, 14 sagarrondo bariedade txertatuekin.
Sagar Uzta Jaia Ola sagardotegian
Hurrengo sasoiko sagardoa 6 gradu ingurukoa izango dela pentsatzen dute sagardogileek, eta zaporez biziagoa izango dela. Dena dela, sagarrondoen hobekuntzarako eta garapenerako ikerketa bete-betean dabiltzan bitartean, OLA sagardotegiak aspaldi lantzen ditu teknika tradizionalak. Iñaki Bengoetxea, OLAko nagusia Bidasoko erlezainen elkarteko kide da ere, eta erlauntzak kudeatzen ditu sagar-loreen polinizazioa segurtatzeko, eta aipatu digunez, ez-urteetako uzta apalak indartzeko, ardiak sartzen dituzte sagastietan belarrak garbitu eta lurra ongarritzeko. Teknika tradizionalen defendatzaile sutsua da Bengoetxea. Eta tradizioa belaunaldi berriei transmitizeko beharra dagoela dio.
Horiek hala, Bidasoaldean Euskal Sagardoa Jatorria Deiturako erreferentea izanik, irailaren 29an Astigarragan egingo duten bezala, Irungo OLA sagardotegian ere Sagar Uzta Jaia ospatuko dute 25. urtez. Goizeko 11:30etik 14:30era izango da, sagar erakusketa, haurrekin muztioa egin eta dastaketa, pintxo eta animazioekin.