BidaSOS kanpaina Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artia auzoetara iritsi da

Antxeta Irratia 2024ko ira. 20a, 10:42

2030eko birziklatze-tasa %70era heltzeko erronkara hurbiltzeko helburua duen kanpainari esker, edukiontzi marroiaren erabilera %10-%15 artean emendatzea lortu dute iragan den auzoetan. Orain Txinzerreko hezitzaileek etxez-etxe eta bulego ibiltariarekin ere pedagogia egiten jarraituko dute urriaren 26a arte, Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artian. 

BidaSOS 2030 kanpainarekin aurrera jarraitzen dute Txingudiko Zerbitzuek. Iaz martxan jarri zutenetik sentsibilizazio kanpaina egin duten auzo guztietan birziklatze-tasa eta edukiontzi marroiaren erabilera emendatzea lortu dute. Eta oraingo honetan Irungo Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artian ariko dira Txinzerreko hezitzaileak, edukiontzi marroiaren erabilera bultzatu nahian. 

Izan ere, 2030erako eskualdeko birziklatze-tasa % 70era igotzeko erronka du Txinzerrek Europatik agindutako irizpideak jarraituz. Eta horretara heltzeko, gaur egun errefuxan amaitzen duen hondakin organikoa bereiztea giltzarri izango dela dio Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako kudeatzaileak. «Beste auzoetan egindako azterketetan ikusi dugu, gaur egun errefuxan bukatzen duten hondakinen %67 birziklagarria dela edo bereiztu daitekeela, eta hobetzeko behar handiena organikoaren bereizketa da», dio. Izan ere errefuxaren %60a edukiontzi marroira bideratu beharko litzatekeen hondakin organikoa da gaur egun. Horri helduta datuak hobetuz gero, Irun-Hondarribiko gaur egungo %52ko birziklatze-tasa nabarmen handitzea lortuko lukete. 

Zentzu honetan, BidaSOS kanpaina eraginkorra izan da orain artean. Irungo erdialdean edukiontzi marroiaren erabileran partaidetza %11 handitzea lortu dute, eta Santiago-Beraun, Alde Zaharra, Dunboa, Arbes eta Meaka hartzen dituen zonaldean, berriz, 15 puntu egin du gora.

Oraingo honetan, Txinzerren hezitzaileek 2.239 etxebizitza bisitatuko dituzte Irungo Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artia auzoetan. Eta aurrekoetan bezala, bulego ibiltaria jarri dute Eguzkitzaldea kaleko 29. zenbakian, irailaren 28a arte. Eta urriaren 1etik 26ra, bulegoa Dario de Regoyos kaleko 17. zenbakira lekualdatuko da, Azken Portu kiroldegiaren parera.