Animalien ongizatea babesteko Udal Ordenantza berri bat exijitzen dute Irunen

Antxeta Irratia 2024ko ira. 25a, 10:36

Gaur egun Irunen aplikatzen den araudia «eskaxa eta estatu mailako Lege zein EAEko arautegiaren kontrakoa» dela salatzen du Irungo animalisten kolektiboak. Adituek parte hartuz 2025eko apirilerako Udal Ordenantza berri bat garatu, onartu eta zorrotz aplikatzeko baliabide nahikoak exijitzeko mozioa aurkeztuko dute irailaren 27ko Udal Osoko Bilkuran.

Artalekuko Katuak (AKE) elkarteak animalien ongizatea babesteko udal ordenantza bat garatzeko eskatuko du irailaren 27ko Udal Osoko Bilkuran. Mozioa Animales de Asis, Irun SOS Mascotas, Asama, Nebak eta Ake Irun hiriko elkarte animalisten izenean aurkezten dute. Kolektiboak dioenez, EUDEL udalerrien erakundeak egindako lana «eskaxa eta estatu mailako lege zein EAEko arautegiaren kontrakoa da», eta beraz, Irungo Udalak animaliak benetan babestuko dituen tokiko araudia garatzeko babesa galdegiten diete udal talde politikoei.

Kolektiboko ordezkariek argitu dutenez, «egungo udal normatiba gabezi nabarmenak ditu, eta goragoko legeekin kontraesanetan sartzen den heinean, herritarren artean gaizkiulertuak sorrarazi ditzazke». Irungo Udala ez da haien ustetan marko juridiko argi bat osatzeko gai izan orain artean, eta martxoaren 28ko 7/2023 Legea onartu aurretik ere kolektiboak hainbatetan aldarrikatu duen bezala, estatuko legea zein araudi autonomikoarekin bat datorren «animaliak babesteko arau koherente eta eguneratua» ezinbestekotzat jotzen dute.

Ostiralean aurkeztuko duten mozioa onartzeak «izaki bizidunekin errespetuzko gizarte justuago» bat ahalbidetuko luke haien ustez. Hortaz, haien eskaeraren baitan, Animalien Ongizatea eta Babeserako Udal Ordenantza berri baten erredakzioa abiatu eta 2025eko apirilerako idatzia, eztabaidatua eta onartua egon dadila exijitzen dute. Eta prozesuan adituen parte hartzea bermatu dezatela eskatzen du kolektiboak.

Era berean, araudi berria gizarteratzeko behar ahaleginak egin ditzala galdegiten diote Udalari, kanpaina informatiboen eta hezkuntza programen bitartez, eta Udal Ordenantza berria aplikatuz, eta salaketa zein isunak ondo kudeatuz. Eta horretarako, noski, Irungo Udalak beharrezkoa izango den baliabideak bideratu ditzala.