Bihar (urriak 1) Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta, adineko pertsonen eskubideak aldarrikatu ditu Txingudiko Pentsionisten Plataformak gaur Irungo karriketan. Hilabetean behin antolatu ohi duten manifestazioa gazte, ikasle, sindikatu eta eskualdeko kolektibo feministei ere luzatu diete oraingoan, «onenean denok izango garelako adineko pertsonak, eta beraz, gizarte osoari hunkitzen dion arazoa delako». Plataformako kideek 2018az geroztik aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioaz gain, «eskubideak ez direla galtzen zahartzen goazen heinean» aldarrikatu dute gaurkoan, adineko pertsonen ongizatea bermatuko duten zaintza eredua publiko eta duina, edota osasun zerbitzu publikoa aldarrikatuz.
Pentsio minimoari dagokionez, argi dute dagoeneko 1.080 euroko aldarrikapena motz geratu dela. «EAEn pentsionisten erdiak mila euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen du, nola bizi daiteke horrekin, Irunen adibidez alokairu bat 1.000 eurotan dagoenean?», dio Patxi Bengoetxea plataformako kideak. Horietariko gehienak emakumeak dira, eta horregatik, pentsioen genero arrakalarekin amaitzeko ere exijitzen dute. «Dirua ez da problema, egon badago», azpimarratzen du, «ikusi besterik ez da egin behar 20 urtetan 4.000 milioi euro xahutu dituztela AHTan, eta ez dugu emaitzarik oraindik ikusi, kontua da borondaterik ez dagoela». Zentzu honetan, pentsionisten plataformatik argi dute agintariek «logika kapitalistaren baitan» kudeatzen ari direla pentsio publikoen sistema. Eta etorkizunera begira pentsioen gastua apaltzeko helburuarekin ari direla erreformak bultzatzen.
Plataformak jakinarazi duenez, joan den ostegunean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu dira Gasteizen, euren eskaeren berri emateko. Izan ere, Madrilgo gobernuarekin pentsioen eskumena Lakuak hartzeko planteamendua negoziazio mahaian dute une honetan.