Langileen oinarrizko eskubideen kontrako eraso hori gutxi balitz, enpresak komiteko ordezkariari ordu sindikalen erabilpena ukatu ziola beste langile baten baja ordezkatzeko arrazoiarekin ere ebatzi du epaitegiak. Hala, epaitegiak ELAri arrazoia eman dio, eta euskal sindikatuaren arabera, «agerian geratu da enpresaren jarrera antisindikala».
Lan gatazka luze hau bideratzeko negoziaketa mahaia blokeatuta jarraitzen du, baina langileek garbi dute borrokan jarraituko dutela. Gipuzkoako Merkal Calzados enpresak 50 langile ditu, eta negoziazioa blokeatuta dago une honetan. Joan den urtean hitzarmen propioa negoziatzeko urratsak ematen hasi ziren, ikusirik hitzarmen sektoriala 2009tik berritu gabe zegoela, eta haien akordio propioaren indarraldia 2019an iraungi zela.
Hiru hilabete daramatzate greba mugagabean, baina aurretik ere hainbat hilabetez mobilizazio desberdinak burutu zituzten langileek enpresari presio emateko. Elkarretaratzeak, antzerkiak, sinadura bilketak, kotxe karabanak, eta greba mugimendu puntualak. Izan ere, joan den maiatzan ostiralero eta larunbatero greba egiten hasi ziren Irungo saltokian. Antzinatasun handiko langileak dira gehienak, 10, 20 eta 30 urtekoak, eta urteetako lana aintzat hartzea eskatzen dute. Baita kontziliaziorako neurriak ere. Izan ere, urteko larunbat guztietan lan egin behar dute, eta urtean libre hartzeko dituzten lau larunbatak ezin dituzte askatasunez aukeratu.