"Kultura auzoetan" ekimenak Gain Gainean parkean du hurrengo hitzordua larunbatean

Aitor Errazkin 2024ko urr. 2a, 16:58

Auzoak biziberritu eta kultura deszentralizatzeko helburua duen "Kultura Auzoetan" ekimena bultzatu dute Irungo auzo elkarteek. Iazko Udal Aurrekontu Parte Hartzaileei esker ari dira auzoz-auzo hitzorduak antolatzen. Eta urriaren 5ean, Elitxun eta Gain Gainean parkean antzerkia, abesbatzak, dantza eta Selektah Stepiren emanaldiarekin borobilduko dute arratsaldea. 

Irungo Larreaundi-Olaberria eta Elitxu auzo elkarteek indarrak batu dituzte, Irungo Udalaren laguntzarekin, "Kultura auzoetan" ekimena antolatzeko. Urriaren 5ean, larunbatarekin, Elitxu auzo elkartean 17:30ean IGA abesbatzaren emanaldia programatu dute, eta ondoren, Gain Gainean parkean bertako hainbat kultur eragilerekin jaialdia prestatu dute. Horrela, 18:15etik aurrera, Pauso-K dantza eskola, Patata Tropikala antzerki taldea, Ametsa Txiki abesbatza eta Selektah Stepiren emanaldia antolatu dute.

Mikel Valero, Larreundi-Olaberria auzo elkarteko kideak aipatu digunez, kultur ekimenak auzoetara deszentralizatzeko beharra jakinarazi zien auzo elkarteen federazioak Udalari. Eta udal aurrekontu parte hartzaileetan ere auzoetatik bultzatutako behar bati erantzuten dion ekimena dela aipatu digu.  

Eguraldi txarra egingo balu, Eguzkitza ikastetxeko atrerpera lekuz aldatuko lukete ekimena.