Urriko Udal Osoko Bilkuran 2025eko udal tasak eta zergak eztabaidatuko ditu udal korporazioak, hauek igotzeko aurreikuspenarekin. Baina honek herritarren patrikan eragina badu ere, milaka irundarren etorkizuna benetan alda dezakeen beste erabaki bat izango da gai ordenaren elementu nagusia. Eusko Jaurlaritzari Irun etxebizitza gune tentsionatu (tenkatua) izendatzeko eskaera bozkatuko da. Eta aste honetan bertan, Lakuak Oreretari onartu dion izendapena Irunen ere indarrean sartuko bada, IRUNVIren bidez egindako «diagnostiko kezkagarriari» neurria hartzeko hiru urteko Ekintza Plana onartuko dute udalkideek osoko bilkura berean.
IRUNVIk egindako diagnostikoa eta Ekintza Planaren txostena mardula da. Etxebizitzaren arazoaren eta gune tentsionatu izendatzeko premiaren tamainakoa. Gaur egun 3.153 bizikidetza unitate etxebizitza publiko baten zain daude IRUNVIko zerrendetan (65.000 biztanle dituen udalerrian), eta 2015az geroztik etxebizitzaren prezioa Irunen %42 garestitu ondoren, Cristina Laborda alkateak hiru urtetan 1.000 etxebizitza publikoen eraikuntza iragarri du. Udalak lurrak prest ditu horretarako, bistan dena, baina Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa eta laguntza ezinbestekoa izango da gauzatzeko.
10 urtez lanean
Oihana Briones, Irungo EH Bilduko bozeramaleak argi du «Udalak ez duela gihar ekonomikorik halako erronka bat bere kabuz gauzatzeko, baina hainbat neurri har daitezke bitartean egoera bideratzen saiatzeko». Koalizio abertzalea hamarkada darama etxebizitza publikoarekin tematuta, eta «etxebizitza oinarrizko eskubidea ez ezik, bizi proiektu bat aurrera eramateko ezinbestekoa» dela ulertuta, etxebizitza politika ausartagoak egin ditzan estutu dute Udal Gobernua beti. «Gu pozik gaude egindako lanarekin, orain dela 10 urte hasitako lanek bere fruituak eman dituzte, eta berretsi egin du bide onean ari ginela», dio hautetsiak «tamalez, errealitatea gordina da eta orainak berretsi du arrazoia genuela, eta guk proposatutako neurriak eta formulak Ekintza Planean sartu dituzte orain».
Haien artean, alokairurako laguntzak, etxebizitzen birgaitzeko laguntzak edota EH Bilduk adostu zuen etxebizitza hutsen diagnostikotik erabat zehaztu gabe, baina hutsik dauden beste milatik gora bizitokiak merkatura azalerazteko neurriak, adibidez. «Badakigu laguntzak arazoa konpontzen ez duten petatxoak besterik ez direla, baina nolabait arindu behar zaie prekarioan dauden pertsonei haien egoera», argitzen du.
Agerikoa da, dena den, Irungo Udalak hartutako erabakiak ez direla aski izan urteotan, eta orain urgentziek agintzen dutela. Datozen hiru urtetan 1.000 etxebizitza eraiki nahi dituzten bitartean, azken 20 urteetan 978 egin baitira Irunen. EH Bilduk, aldiz, aurrekontuen negoziaketan urtero bultzatu ditu akordioak arlo honetan «milaka familien lehentasuna delako», esplikatu du Brionesek. 2020ko aurrekontuetan 5 milioi eurotik gora akordatu zituzten Alarde eremuan 10 alokairu sozial egiteko. San Migel-Anaka eremua desblokeatzea lortu zutela, Inmigrazio eraikineko apartamenduak edota Lucas de Berroan ere plateamendua EH Bilduk egin zuela gogoan du, aipatutako hiru urteko Ekintza Planean sartu egin dituztenak.
3 urte bi hamarkadako zorra kitatzeko
«Etxebizitzaren premia asegabetuta dago Irunen aspaldi», azpimarratzen du EH Bilduko bozeramaleak, «atzeko zor batetik gatoz, San Migel-Anakan egingo badira hainbeste etxe orain da, aurreko urteetako beste promozio batzuetan egin behar ziren etxeak ez zirelako egin, horregatik gaude orain gauden egoeran», kexu da. Izan ere, Etxebizitzaren Legeak promozio berri bakoitzeko bizitoki publikoen portzentaia bat bideratzea agintzen du, baina legeak salbuespenak egiteko aukera ematen duen heinean, Irungo Udalak «gerorako utzi eta etxebizitza publikoen zorraren poltsa» handitzen utzi du urte luzetan. «Egia da aurrera egiteko aukera dagoela orain lurrak bideratu direlako, eta sukaldeko lana egin da hirigintzan zentzu horretan. Hiru urtetan mila etxebizitza proiektatzea seinale ona da», aitortzen du Brionesek, «baina legea bete izan balitz, gaur egun gure etxebizitza parke publikoa handiagoa izango litzateke». Horrek, IRUNVI sozietate publikoak duen eskatzaileen itxaron-zerrenda «onartezina» arintzeaz gain, eskaintza handiago izanik, merkatu pribatuak azken urteetan izan duen garapena ere bestelakoa izan zitekeela uste du EH Bilduko bozeramaleak.
Cristina Labordak “Donostia efektuari” egotzi dio Irungo etxebizitzaren merkatuak bizi izan duen espekulazioaren fenomenoa. Baina ezin estali daiteke, Irungo etxebizitzen prezioa %42 garestitu dela azken 8 urteetan (2015etik 2023ra), eta dagoeneko 4.100 eurokoa dela metro karratuaren batez besteko prezioa; Gipuzkoakoaren gainetik (3.601 eurokoa Gipuzkoan). Alokairu pribatuaren prezioak ere etengabe egin du gora, eta «alokatzeko aukera edo eskaintza ere oso murritza da». Irungo Udala, IRUNVIren bitartez, udalerria eremu tentsionatu izendatzeko diagnostikoa osatu berri badu, hain justu, egoera honi neurri hartzeko helburuarekin izan da.
Milaka irundar prekaritatean
Zentzu honetan, Oihana Brionesek datuen atzean gordetzen errealitatearekin kezkaturik azaldu da. 3.153 lagun daude etxebizitza publiko baten eskaera zerrendan (horietatik 2.700 inguru alokairu sozialerako). Eta eskaera pertsona batek eskatzen badu ere, haien atzean zenbat senide dauden neurtzea zaila da. Baina ziur dago «milaka eta milaka irundar izango direla, prekarioan bizi direnak, gazteak gurasoekin ala heldu eta familia askoren kasuan, ordaindu ezin dezaketen alokairu pribatu geroz eta garestiago bati aurre egin beharretan», argitzen du hautetsi abertzaleak.
Errealitatea da, Irun Gipuzkoako 88 udalerrietatik 86. postuan dagoela batez besteko errentari dagokionez, eta alokairuan bizi ohi diren pertsonak batez besteko diru sarreren azpitik egon ohi direla estatistika ofizialen arabera. «Egoera oso kezkagarria da, eta uste duguna baino irundar gehiago daude hunkituak etxebizitzarekin, arazo bat bilakatu da eta ulertzen dut hilabetero hilabetero estu ibiltzea ez dela erraza», argitzen du hautetsi abertzaleak. Haatik, Irun tentsionatutako eremu bilakatzeak merkatua orekatzeko ekarriko dituen aukerak, eta eraiki ahalko diren etxebizitza publikoak iritsiko direnaren esperoan ere, «eskaria asetu dadin lanean jarraitzeko» asmoa adierazi du hautetsi abertzaleak.