Irungo Udalak zenbait eraikuntza baimen eta eraikin eraisteko obra baimen onartu ditu aste honetan. Udal Gobernu Batzarrak hartutako erabakien berri eman du Cristina Laborda alkateak. Eta haien artean azpimarratzekoa da, Bizikidetza eta Segurtasun Itunari lotutako eraikin baten eraisketa. Doman.
Gal Stadiumaren alboan, urte luzez abandonu egoeran egon den Iparralde etorbideko Kostorbe Aldea, 1 zenbakiko Doman enpresaren eraikin industriala eraitsiko dute lehenbailehen. Pabiloia eraitsiko zutela iragarri zuen Cristina Labordak abuztu bukaeran. Baina horretarako, Doman enpresa eraisketa egiteko lizentzia lortzen ari zen eta behin lortuta, hiru hilabeteko epeaan burutu beharko dute eraisketa Udalaren baimenaren baitan. Erortzeko zorian dagoela aitortzeko agiria lortuta, 37.375,23 euro bideratuko dituzte lan hauek egiteko.
Alkateak argitu duenez, eraikin industriala zero kotaraino eraitsiko dute, baina aldamenean dagoen XPO logistika enpresaren jarduerari lotua dagoen erregaien kudeaketa instalazioa ez da ukituko. Hala ere, «hiriko puntu gatazkatsua bilakatu dela» aitortu du alkateak, bertan emandako okupazio desberdinetan bi sute eman baitira azken urte eta erdian. Ertzaintzak okupak desalojatzeko hainbat operazio burutu dituzte azken hilabeteetan.
Labordak oroitarazi du inguru iluna izanik, Kostorbe aldean segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko Udal Gobernuak 120.000 euro bideratu berri dituela Gal eta Santiagotarrak kirol instalazioetara, edo bertako etxeetara doazten oinezkoen sarbideak egokitzeko eta eremua atontzeko.
Bestalde, Aduana kaleko 18. zenbakiaren aldameneko eraikina eraisteko baimena onartu dute modu berean. Hartan ere okupazioekin auzoan bizikidetza arazoak eman izan dira. Eta Ertzaintzak 16 lagun desalojatu zituen eta 9 lagun identifikatu joan den martxoan egindako operazioan.
Arbesko Egoitza, berandu baina aurrera
Era berean, Arbesko Adinekoen Egoitza eraikitzeko obra baimena onartu du Irungo Udalak. Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak aurreratzen hasi ahal izango ditu. 2011an Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmena izenpetu zuteneko proiektua izanik, hau eguneratu behar izan dutela, Foru Aldundiak sustatu nahi duen zaintza eredua berriaren baitan erreferentziazko egoitza izango da Gipuzkoan. Joan den apirilan argi berdea eman zuten bi erakunde publikoek, baina lizentziak gora behera, Eider Mendoza diputatu nagusiak berak aitortu du «tramitazioan atzerapen txiki batekin» baina aurrera doala.
Gogoratu beharra dago joan den udaberrian argi berde eman zutenean, 2026 urte bukaeran martxan egongo dela iragarri zuten orduan. Orotara, 271 milioi euroko inbertsioa egingo dute (GSR kooperatibaren 22 urtez kudeatzeko plana barne) eginez.