Irungo Zomorro Studioren "Barraka" bideojokoak Weird Plus saria jaso du

Koldo Nausia 2024ko urr. 15a, 12:25

Irungo Zomorro Studioko Ibai Aizpuru bidejoko garatzaile irundarrak RTVEren Weird Plus Saria jaso du bere “Barraka” bideojokoarengatik. Joan den asteburuan Valentzian ospatutako Weird Marketen 16. edizioan, espainiar estatuko animazio laburmetrairik eta bideojokorik onenen artean hautatu dute. 

Zehazki, RTVEk banatutako Weird Market Interactivo saria eskuratu du Ibai Aizpuru irundarrak urriaren 7an Valentzian ospatutako ekimenean. 2021ean Durangoko Azokaren sorkuntza beka jaso zuen "Barraka" bideojokoaren proiektuak. Eta eguneratu ohi badu ere, amaitutako proiektua gaur egun eskuragarri dago android mugikorrentzat eta PC ordenagailuentzako ere.  

Euskarazko bideojokoen sektorea Aizpuru bezalako sortzaile txikiek bultzatzen dute. Eta Irundik, bere txikitasunetik, bideojokoen multinazionalen aurrean lehiakor izateko aukerak daudela sinetsita dago. Eragile edo sortzaile txikien artean ere bideojokoak sortu eta hontaz bizi daitekela dio sortzaile irundarrak.

2015ean Irunen antolatu zen Game Jam bideojoko-sorkuntza maratoi batean deskubritu zuen gai zela halako proiektuak garatzeko. Arte Ederrak ikasi zituenean ere, ikus-entzunezkoek eta ilustrazioak bereganatu zuten bere interesa. Baina urte batzuk beranduago  bere lagun Iñaki Vazquezekin hasi zen honetan, eta Gonzalo Sardonekin batera denbora librean hasi ziren proiektu txikiak sortzen. Azken urteetan Zomorro Studio Aizpuruk berak eramaten du, eta Sardonek sortzen ditu bideojokoen musikak.  

Ibai Aizpuru konten Weird Plus saria jaso berri duela. (Irudia: Zomorro Studio)

Barraka da bere lehen bideojoko proiektu osoa. Aurreneko aldia da estatu mailako sari bat jasotzen duela. Eta euskarazko bideojokoen sektorea garatzen jarraitzeko asmoarekin lanean dabil proiektu berriekin. Weird sariek animaziozko laburmetraiak eta bideo-jokoak parez-pare tratatzen dituen honetan, bideojoko baten ekoizpena sormen artistikoa dela oraindik ere ukatzen duenari, oker dabilela dio Aizpuru.

Arte eta kulturaren parte dira bere ustez, «zinema, komikia edo literatura bezalakoa da, baina euskarri honen berezitasuna da interaktiboa dela, jokalariak hartu-eman dezakeela mundu edo proposamen digital horrekin». Izan ere, progamatzaileak beharrezkoak dira bideo-joko bat sortzeko, baina artistak ere. Joku disenatzaileak jokoaren mekanikak zehazteko, baina baita bozetoak eta animazioak egingo dituzten artista bisualak eta musikalak, edota jokoak proposatzen duen istorioaren arabera gidoilariak ere.