Uhinak, Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko kongresuaren seigarren edizioa «inoiz baino garrantsitsuagoa eta beharrezkoagoa» dela azpimarratu du Monika Aldayk, Ficobako azoken eta Uhinak kongresuaren arduradunak. «Duela sei urte krisi klimatikoa aipatzen genuen, eta urte gutxiren buruan itzulerarik gabeko puntuetara iristen ari garela ohartu gara, gure egunerokoan eragina duten aldaketak errealitatea bilakatu direlako», esan du aurkezpenean.
AMOC ur-korrontearen kolapsoa
AZTI erakundeak iragarri duenez, aztertuko dituzten gai hauen guztien oinarrian, Europako kliman eragin dezakeen AMOC edo Atlantiko Ozeanoaren ur-korronte termoalinoaren kolapsoa izango dute hizpide. Adituen arabera, Europa epeltzen duen ur-korronte (Bizkaiko Golkoan Gulf Stream delakoa) honen abiadura %20 batean moteldu da dagoeneko. Eta honi buruzko azken azterketen berri emateko, Uhinak kongresuak bilduko dituen 150 zientzialarien artean, Kopenhageneko Unibertsitateko Niels Bohr Institutuko katedradun Peter Ditlevsen gonbidatu dute.
Korronte honen garrantziaz jabetzeko datu grafiko bat eman du AZTIko Ceo Rogelio Pozok. «Gure meridiano berean Kanada aurkitzen da, eta 15-20 gradu hotzagoa da han negua, ur-korronte honi esker Europa epeltzen delako», azaldu du. Hortaz, Atlantiko hegoaldeko ur-zirkulazio honen kolapsoak eragin ditzazkeen ondorioak Europako kliman erabatekoak dira. Eta hori ere aztertuko dute Ficoban urriaren 23an eta 24an.
Itsasoa aldatzen ari da
Bestalde, aldaketa posible hauek guztiek gizakion eguneroko bizitzan ez ezik, arrantza bezalako ekonomia jardueretan izango dituen ondorioak ere aztertuko dituzte. Marta Coll, Itsasoko Zientzien Institutuko zuzendariordeak klima aldakertak itsasoko ekosistemetan dituen ondorioak aurkeztuko ditu. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek kongresuaren aurkezpenean, agintarien plangintzak datu zientifikoetan oinarritzearen garrantzia nabarmendu du. Bereziki kostaldean identifikatuta dagoelako arrisku handiena.
«Itsasoak urtero 3,9 milimetro irabazten dizkio kostaldearen lerroari, eta geroz eta ohikoagoak dira muturreko fenomeno metereologikoak», argitu du, «azken marea biziekin frogatu dugu, euskal kostaldearen eremu handiak daudela uholde arriskupean, eta portuetako dikeak sendotzeaz gain, azpiegitura eta inbertsio handiak egin beharko dira datozen urteetan egokitzeko». Izan ere, itzulerarik gabeko puntuetara iristen ari garelakoan daude adituak eta agintariak.
Hortaz, klima aldaketaren ondorioak arintzea ez ezik, emango diren aldaketei egokitzeko politika publikoak eta enpresa pribatuen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dute. Are gehiago jakinda 2100 urterako, eta gizakiaren eragina bere horretan mantentzen bada, 1,5 eta 2,5 gradu artekoa izango dela beroketa efektua. Eta horrek beste hainbat ondorio ekarriko dituela.
Nolanahi ere, itsasoaren maila eta tenperaturen beroketaz haratago, gizakiak ingurumenean eragiten dituen beste hainbat arazori neurria hartu nahian dabiltza. Itsasoen azidifikazioa, akuiferoen gazitzea, plastikoen kutsadura eta itsasoetako ekosistemen inpaktuaren ondorioz, bertako biodibertsitatean aldaketak eragiten ari dituenak. AZTIko itsas biologo Xabier Iridoyenen arabera, «arrain espezie komertzialak gehiago zaintzen ditugu, baina aldaketak ematen ari dira orohar. Horren adibide garbia dugu bakailuaren arrantza geroz eta iparralderago egin beharretan daudela arrantzaleak, eta sektore oso bat egokitu beharko da», dio. Bere ustetan, «azterketa zientifikoetan oinarritutako aurreikuspenak egin behar dira, eta gizakiak adaptatzen ikasi beharko du, ezin dugu deus gertatuko ez balitz bezala jarraitu».
Horretan ari dira ere erakunde publikoak lanean. Eusko Jaurlaritzak Urban Klima 2050 proiektua, edota Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuartean dituen kutsadura plastikoen kontrako ekimenak, Bizkaiko Golkoan ugaritzen ari diren alga toxikoak edota NaturKlimaren bosgarren txostena aurkeztuko dituzte Uhinak kongresuan.
Horretarako, enpresa eta erakunde publikoetako erakusmahaia eta erakusketa ere ezarriko dute Ficoban. IHOBE, AZTI, arkitektura eta injeniaritzako proiektuetan ari den ARTELIA, ikerketa ozeanografiko eta hidrologikoaren sektoreko NAUTILUS OCEANICA edota klima aldaketa arintzeko aktiboki lanean ari diren Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetza bultzatzen duten GIS LITTORAL BASQUE eta REGION4 CLIMATE ekimenak aurkeztuko dituzte erakusmahai horietan.