Uholde arriskuengatik prebentzio neurriak hartuko dituzte Irunen berriz ere

Antxeta Irratia 2024ko urr. 16a, 10:40

Irailaren 18tik 21era emandako azken marea bizien ondotik, Irungo Udalak Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskuen prebentzio protokoloa aktibatu behar izan du berriz ere, urriaren 16tik 20ra bitartean espero diren itsasgora koefiziente altuak direla eta. 

Geroz eta ohikoagoak ditugu Bidasoaldean muturreko fenomeno metereologikoak. Eta joan den astean Kirk depresioaren ondorioz haizete indartsuak jasan genituen bezala, irailaren 18tik 21era emandako marea bizietatik hilabetera, Irungo Udalak Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskuaren aurrean prebentzio dispositiboa aktibatu behar izan du berriz ere. Urriaren 16 honetatik urriaren 20ra bitartean, itsasgora koefiziente altuak aurreikusten dira, eta horren ondorioz Bidasoa ibaiaren ertzeko hainbat gunetan neurriak hartuko dituzte. 

Udalak Real Union pasealekuan hobekuntzak egin ditu uholdeen kontrako neurriak ezartzeko.

Irungo Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza arlotik jakinarazi dutenez, Behobiako bidegorrian ezarri ohi dituzten neoprenozko konportak jarriko dituzte, eta Stadium Gal atzealdeko Santiagotarrakeko bidegorrian ere hondar zakuak ez ezik, hesiak eta uholde arriskuen berri ematen duten oharrak ezarriko dituzte. Eremu honetan, azken hilabeteotan hainbat inbertsio egin ditu Udalak Real Union pasealekuan eta Patricio Arabolaza kalean dauden etxeak uholdeetaz babesteko. Izan lorategien kota igotzeko lanak, izan oinezko bideetan Behobiakoen antzeko behin-behineko konportak instalatzea ahalbidetzeko hormigoizko egitura berriak ere.

Bestalde, Recondo lantegia zeneko pabiloiaren atzean eta Juan Thalamas Labandibar kaleko azken tramoaren ibai ertzan ere uholdegarritasun maila handia dagoela iragarri dute, eta beraz, pasoa galeraziko du Irungo Udaltzaingoak, baita bertan aparkatzea debekatu ere. Ibaiak gainezka egiten badu, hesiak erabiliko dituzte hunkitutako guneak ixteko. Udaltzaingoa Babes Zibileko kideekin elkarlanean ariko da marea bizien garapena bertatik bertara jarraitzeko, eta eman daitezkeen intzidentziei erantzuteko.