"Zinema haur eta gazteentzat" programa bueltan da, euskaraz eta dohainik

Antxeta Irratia 2024ko urr. 18a, 13:03

Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin abian jarritako ekimenak iaz jaso zuen harrera beroa ikusirik, doako zinema euskaraz gozatzeko urritik abendura 10 film programatuko dituzte Ocines Mendibil zinema aretoetan. Aurreneko emanaldia urriaren 26an izango da Alan Giza Antena, eta sarrerak aurreko asteleheneko 14:00tatik ostiraleko 14:00ak arte eskuratu ahalko dira www.irun.eus

Aurten familiek 10 filmez gozatzeko aukera izango dute, astebururo, urritik abendura bitartean. 2022an "Zinema Haurrentzat" goiburuarekin jarri zuen Irungo Udaleko Euskara arloak ekimen hau martxan estreineko aldiz. EAJ udal taldeak udal aurrekontuen negoziazioan aurkeztutako mozio bidez onartu zuten. Eta bi urtez arrakasta bildu duen heinean, honi segida ematea erabaki du Irungo Udalak. Hartara, saio guztiak doakoak izango dira eta Ocines Mendibil zinemetan proposatuko dituzte urritik abendura. Oraingo honetan "Zinema haur eta gazteentzat" da zinema zikloaren leloa.  

Jon Ugarte, Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuko ordezkariak nabarmendu duenez, «iaz zinema zikloak izan zuen arrakastaren ondoren, aurten familiek 10 filmez osatutako programaz gozatzeko aukera izango dute urritik abendura bitartean». Ugartek ekimen honen helburua «Irungo familien artean euskarazko kultur kontsumoa sustatzea» dela oroitarazi du. 

Sarrerak eskuratzeko sistema

Programa martxan jarri zen urtean zailtasunak eman ziren sarreren banaketa egiteko. Batetik, film bakoitzaren proiekzioaren aurreko ostiralean jaso behar zirelako eskura Ocine Mendibilen bertan. Eta bestetik, gonbidapenak dohainik direnez, askok hauek hartu eta ez ziren gero denak erabiltzen. Banaketa sistema hobetu dutelakoan daude udal ordezkariak. Hortaz, interesa duten pertsona guztiek, asteburu horretako emanaldiei dagozkien sarrerak asteleheneko 14:00tatik ostiraleko 14:00ak arte eskuratu ahal izango dituzte www.irun.eus atarian. Eta sarrerak soberan geratuko balira, hauek lehiatilan bertan jarriko dituzte asteburuan proiekzioa hasi baino ordu erdi lehenago, 15:30etan. Izan ere, emanaldi guztiak 16:00etan izango dira. 

Antolatzaileek argitu dutenez, pertsona bakoitzak gehienez ere 4 sarrera hartu ahal izango ditu, eta aipatutako arrazoiak direla eta, arduraz jokatzeko mezua eman nahi izan dute, jendeari bakarrik behar dituen sarrerak hartzeko eskatuz. «Familiei eskatzen zaie soilik erabiliko dituzten sarrerak hartzeko, eta azkenean ezin badira bertaratu, zinema-aretoetako leihatilan abisatzeko edo euskara@irun.org helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko eskatzen diegu», argitu dute. 

Jarraian, zinema zikloaren programa taula osorik. Esan bezala, saio guztiak 16:00tan hasiko dira. 

Data

Filma

Urriak 26

Alan Giza Antena

Urriak 27

Central Parkeko Heroiak

Azaroak 9

Lagunak erreskatera

Azaroak 10

Museoaren zaindariak

Azaroak 16

Boo Kwai eta museoaren lapurreta

Azaroak 17

Deep Sea. Sakontasunera bidaia

Azaroak 23

Robotia

Azaroak 24

Elkano. Lehen mundu bira

Azaroak 30

Liztor kapitaina

Abenduak 1

Barraskiloa eta balea