Heldu den ostiralean 2025eko udal tasa eta zergak bozkatuko dituzte Irunen. Udal Gobernu sozialistak %4,3ko igoera orokorra proposatu du, hainbat urtez hauek izozturik mantendu ondoren, eta beraz udal inpostuen gorakada nabarmena suposatuko dute irundarren poltsikoentzat.
EH Bilduk udal tasa eta zergak arautzen dituzten ordenantzak onartzeko hainbat baldintza jarri ditu alde bozkatzeko. Gorka Berasategi zinegotziak jakinarazi duenez, igoera orokorra %3ra jaistea eskatzen dute. «Oinarrizko elikagaien eta orokorrean bizitzaren garestitzeak berak soldaten eta pentsioen igoerak ez ezean utzi baititu», argitu du hautetsi abertzaleak.
Era berean, «zerga bilketa justuagoa izan dadin udal tasa eta zergetan progresibitatea» aplikatzeko beharra ikusten du EH Bilduk. Horretarako formula desberdinak erabiltzea eta aztertzea galdegiten dute. Hala nola, kiroldegietako edota Solas Jolas bezalako udal programen matrikulan errenta baxuenei egokitutako tasak, eta irizpide sozialak. Edota zerga zuzenen kasuan ere, «familien errentaren araberako ordainketa sistema aztertzen hastea» eskatzen diote Udal Gobernuari. Horrek, Ondasun Higiezinen gaineko zergan hobariak izateko aukera baimenduko bailuke, adibidez.
Azkenik, EH Bilduk dirulaguntzen eskaera egiteko eta hobarien aplikaziorao burokrazia murrizteko formulatan aurrera egitea eskatu du. Hurbileko adibideak jarri ditu horretarako. Errenteriako Udalak, adibidez, laguntza eskatzerakoan herritarrek une honetan egin beharreko gestio burokratikoak Udalak bere gain hartzen ditu.
EAJko zinegotzien kargu hartzea
Udal Osoko Bilkura berean, Maria Teresa Cortina Crespo, Carlos Santiago Martin Oronozek eta Irene Kastezubi Arellano jeltzaleek zinegotzi kargua hartuko dute. Urriaren 8ko Ez Ohiko Udalbatzan Xabier Iridoy, Jose Enrique Corchon eta Urkiri Salaberriak uko egin eta behin Hauteskunde Batzorde Zentralak aldaketa ontzat emanda.