Irene kastezubi

«Biktima askok erasotzailearekin bizi behar dute prozesu judizialak irauten duen bitartean. Protokoloak behar dira, baliabideak, babesa»

Koldo Nausia 2024ko urr. 23a, 10:27

Gaurko Andreak elkarteak “Indarkeria Matxistak Aztertzen, Loturak eta Errealitateak”  jardunaldia antolatu du Palmera Monteron, urriaren 24an. Ikuspegi integral batetik aztertuko dute gaia adituen eskutik, emakume biktimak ez ezik, indarkeria dagoen familietan haurren errealitateaz ere hausnartuz. OSI Bidasoko profesionalek osatu duten Indarkeria Matxistaren Kontrako Lantaldea ere gonbidatu dute.

Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak emakumeen ahalduntze tailerrak antolatu, indarkeria matxistaren biktimak artatu eta eskualdeko eskoletan berdintasun heziketa sexu-afektiboa bultzatzeaz gain, Espaniako Estatuko Emakume Erresilienteen Kontseiluaren kide ere bada. Eta hirugarren urtez, “Indarkeria Matxistak Aztertzen, Loturak eta Errealitateak” egun osoko jardunaldia antolatu du Palmera Montero gunean, urriaren 24an, gizarte honetako gaitza den genero indarkeria ikuspegi integral batetik aztertu eta gaia sakonean hausnartzeko. 

Ostegun honetan 10:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara antolatu duen jardunaldian, indarkeria matxistaren biktimak laguntzen dituzten elkarteekin eta profesionalekin ponentzia egingo dute. Irene Kastezubi Gaurko Andreak elkarteko kideak argitu digunez, goizeko 10:30etik aurrera, Gipuzkoa eta Bizkaian horretan ari diren Mariren Alabak elkarteko Pilar Carrere eta Aldaketa elkarteko Raquel Miragayak egiten duten lanaren errealitatea azalduko dute. Eta ondoren, Zaragozako (Aragoi) Somos + elkarteko Teresa Ballester eta Valentziako (Herri Katalanak) Alanna elkarteko Chelo Alvarezen eskutik, indarkeria matxistaren beste bi deklinabide garrantzitsu aztertuko dituzte.

Jardunaldiei lotuta, Alanna elkartearen erakusketa Palmera Monteron egongo da astebete. 

Batetik, «sare sozialen bidez nabarmen areagotzen ari den akoso digitala», bereziki gazteei eragiten diena. Eta are gazteagoak diren indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeen seme-alaben errealitatea ere. «Saio hau oso interesgarria da irakasle, gizarte langile eta orohar, haur, nerabe eta gazteekin lan egiten duten profesionalentzako», dio Kastezubik, «etxean indarkeria jasan edo bizi duten gazteek ez dutelako kontatzen, eta haurrak isildu egin ohi dira, baina pistak ematen dituzte». Horiek identifikatzen ikasteko estrategiak azalduko ditu horretan aditua den Chelo Alvarez psikoterapeuta eta Valentziako Genero Indarkeriaren Masterraren zuzendariak.

Honi lotuta, "Los hijos y las hijas de la violencia de genero" izeneko erakusketa astebete egongo da Palmera Monteron ikusgai. Bertan, Alanna elkarteko psikologoek indarkeriaren biktima diren haurrek egindako marrazkiak, eta horien esanahia azaltzen dute.    

Indarkeria matxistaren kontrako lantaldea Bidasoan

Arratsaldean, aldiz, indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak eta baliabideak aztertuko dituzte. Eta Gipuzkoan eta Euskadin erreferente bilakatzen ari den gure eskualdeko Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Taldeak hartuko du hitza. Izan ere, Irun-Hondarribiko anbulategi eta Bidasoko ospitaleko (OSI Bidasoa) mediku, erizain eta profesional talde bat martxan jarri da, «behar bat identifikatu dutelako» genero indarkeria kasuak identifikatu eta biktimak artatu ahal izateko. Bi urte dira bolondres hasi zirela antolatzen, eta jardunaldi honetan horretan ari diren lau mediku hurbilduko dira proiektua azaldu eta aurrerapausoak emateko xedez. Izan ere, mahainguru berean Irungo Ertzaintza eta epaitegian genero indarkeria kasuetaz arduratzen den epaile batek ere parte hartuko dute. «Norbere gabezi guztiekin, baina protokoloak dauzkate, eta mahai berean eseri eta partekatzearekin elkarlana sustatu dezakeen topaketa da», uste du Gaurko Andreak elkarteko ordezkariak. 

OSI Bidasoko Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Taldearen esperientzia kontatzeko, Josune Marin Villegas (Bidasoa ospitaleko larrialdietako medikua), Alba Cristobal Alquezar (Dunboa anbulategiko familia medikua), Carmen Catalina Gonzalez-Llanos (Irun Erdiguneko familia medikua) eta Flor Insua Cadorin (Hondarribiko Itsas Etxeko pediatra eta familia medikua) gonbidatu dituzte hitz egitera.

Antolatzaileek diotenez, larrialdietan sexu erasoen aurrean edo indarkeria matxistaren biktima bat artatzerakoan ez ezik, bestelako protokoloak aktibatzeko helburua du lantalde honek. «Indarkeria pairatzen duen emakume batek denbora luzean jasan dezake, eta larrialdietara jo gabe, medikuaren kontsultara joaten denean beste edozertarako bada ere, formakuntza egoki batekin biktima dela identifikatu daiteke, eta lagundu», dio Kastezubik. Izan ere, biktimek geroz eta gehiago salatzen dute, baina gutxiengo bat delakoan dago. «Salaketarekin askotan atzera egiten dute gero, prozesu judizialak bi urte iraun dezake, eta bitartean erasotzailearekin bizi behar du biktimak», gogoratzen du, «oso egoera konplexuak izaten dira». 

Hala eta guztiz ere, datuek gaitz honen errealitate gordina erakusten dute. EAE mailan, azken hiruhilekoan 10.000 emakumetik 14k jasan dute Euskadin indarkeria matxista ala sexu erasoren bat. Eta epaitegietan, 2024ko apiriletik ekainerako hiruhilekoan 281 gizonezko izan dira 5 urte baino gehiagoko kartzelarekin epaile batek zigortu dituenak, indarkeria matxistarengatik salatuak izan eta gero.

“Indarkeria Matxistak Aztertzen, Loturak eta Errealitateak” jardunaldian parte hartzeko lekua bete arte goiz, arratsalde ala egun osoan ate zabalik egongo dira Palmera Monteroko 2. aretoko ateak, 10:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 16:00etik 20:00etara. Hala ere, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute gaurkoandreak.irun@gmail.com posta elektronikoaren bitartez. 

Antolatzaileek iragarri dutenez, jardunaldia borobiltzeko egun osoan zehar landutako gaiak oinarri hartuta tailer bat proposatuko dute hainbat adituk dinamizaturik. Bertan parte hartuko dute Irene Kastezubi bera Berdintasun ahokularia eta Tratu Txar eta Genero Indarkerian aditua; Cristina Bravo Pedroche, Genero Indarkerian Masterdun eta Berdintasun irakaslea; Yolanda Extremeña arte sortzailea eta Berdintasun aholkularia; Lorena Pazos biologa eta Emakume-Gizonen arteko berdintasun ekintzailea; Paula Guerra Gaurko Andreak elkarteko kide eta Emakume Resilienteen Kontseiluko aktibista.