Irungo EAJk «dirua biltzeko grina» baztertu dezala eskatu dio Udal Gobernu sozialistari

Antxeta Irratia 2024ko urr. 24a, 11:34

Irundarren egoera sozioekonomikoari egokitu ezean, EAJk ezezko botoa emango udal tasa eta zergen biharko eztabaidan. Herritar guztiekin pentsatu dezala eskatu diote Udal Gobernuari, eta KPIaren %2,3an oinarritutako eguneraketa bat egiteaz gain, zerbitzu publikoen tasan progresibitatea eskatzen dute jeltzaleek «zerga sistema justuago» baten alde. 

Urriaren 25eko Udal Osoko Bilkuran PSE-EE alderdiak %4,3ko igoera orokorra proposatuko duen bitartean, oposizio taldeekin negoziatu beharko du ordenantza fiskala aurrera atera nahi badu. Izan ere, EH Bilduk gehienez %3ko igoera eta 2023an hartutako konpromisoaren haritik, prezio publikoen progresibitatea jarri ditu ezinbesteko baldintza gisa baiezkoa emateko. Eta Elkarrekin Podemos udal taldeak emendakin osoa aurkeztuko duela iragarri du. Igoera gehiegizkoa delako, eta Irungo familiak eta negozioak %2,3ko KPIa (inflazioa) pairatu beharretan «estu eta larri» dabiltzala kontuan hartuta, udal tasak eta zergak izoztea proposatuko du, eta beraz, 2024koen pareko mantentzea.

Jeltzaleek bere partetik, Udal Gobernuak aurkezten duen %4,3 igotzearen aurrean, EAJk Ogasun ordezkariari azken asteetan proposatutako inflazioaren %2,3ko KPIaren igoeran oinarritutako proposamenak erantzunik jaso ez duenez, ezezkoa bozkatuko dute. Gorka Alvarez EAJren bozeramaleak «irundarren errealitate sozioekonomikoari egokitutako» udal inpostuak aldarrikatu ditu, eta «gobernuak hausnartu dezala» eskatu du. Irundarren errenta Gipuzkoako baxuenetakoa dela, eta langabezi-tasarik altuenetakoa Irunen dagoela gogoratu du Alvarezek.

Aldaketa proposamenak   

Hortaz gain, zenbait salbuespen eskatzen dituzte jeltzaleek. Bide publikoan dauden mahaiak eta aulkiak jartzeagatiko prezio publikoa izoztea proposatzen dute, «ostalaritzaren sektoreari arnas emateko». Eta zerga sistema justuago baten alde, prezio publikoetan progresibotasuna eskatzen dute. Hala nola: udal haurtzaindegia, etxez etxeko arreta zerbitzua, haurtxokoak, udalekuak, eskola kirola, musika kontserbatorioa, zeramika tailerra, marrazketa eta pintura akademia etabar...