Etxebizitza arazoari erantzun bizkorragoa eman nahi diote orain Irun gune tentsionatu izendatuz

Koldo Nausia 2024ko urr. 24a, 12:50

Udal Gobernu Batzarrak Irun etxebizitza gune tenkatuaren izendapena onartua izan dadin eskaera dekretu bidez onartu du. Irailaren 24an erabakia udalbatzan bozkatuko zela iragarri zuen Cristina Laborda alkateak, Irunviren diagnostikoa aurkeztearekin batera. Baina «etxebizitza duin bat eskuratzea irundarren kezka handienetakoa» dela ohartuta, Udalak arduratuta dago eta prozesua ahal bezain beste azkartzea erabaki dute sozialistek. 

Irungo hiri osoa etxebizitza gune tentsionatua izendatzeko eskaera ez da udalbatzatik pasa beharko. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak onartu beharko badu ere, Oreretarekin egin zuen bezala, Irun ere gune tentsionatua izendatu bezain pronto, 3 urteko Ekintza Plana aurrera eraman ahal izango du Irungo Udalak. Hau bai udalbatzak onartu beharko duela, Irunvik egindako diagnostikoan oinarritutako beharrei erantzuteko neurriak jasotzen dituen heinean. Hala ere, Cristina Laborda alkateak iragarri du neurri guztien artean garrantzitsuena 1.000 etxebizitza publiko berri eraikitzea izango dela. «Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean beharko du, baina helburua da alokairu sozialeko etxebizitza parke egokia» lortzea gune tentsionatu izendatu eta legeak agintzen duen 3 urteko epean. Hala ere, irundarren etxebizitza premia gorria arinduko duten bestelako neurriak barneratu beharko ditu aipatutako planak. 

Zentzu honetan, EH Bilduko Oihana Brionesek Antxeta Irratian argi utzi du hiru urtetan 1.000 etxebizitza berri eraikitzeaz gain Plan Integral bat beharrezkoa da Brionesen ustez. Alokairurako laguntzak, etxe zaharrak berritzekoak, eta bereziki, hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura atera daitezen neurri konkretuak. Etxebizitza hutsen diagnostikoa ere argitu beharra dago oraindik. «Etxebizitza hutsa zer den ez dago guztiz argi oraindik, baina lehen estimazioaren arabera beste milatik gora etxebizitza lirateke hutsik, eta parte bat merkatura alokairuan ateratzea lortuko balitz, zerbaitetan arinduko luke egoera ere», adierazi du Brionesek. 

Poltsikoentzat ezinezko merkatua

Irungo alkateak argitu duenez, gune tenkatua izendatu ahal izateko bi baldintza bete behar dira legez. Azken 5 urtetan alokairuaren prezioa %17a igo izana. Irunen %18,5 garestitu da. Eta aldi berean, etxebizitzaren karga familien diru-iturrien %30a gainditzea. Eta hortan ere, irundarren kasuan %32koa da. Beraz, baldintzak betetzen direnez Udal Gobernuak prozesua azkartzea erabaki du orain.   

Haatik, arazoa ez da azken bost urteetan sortu. Eta Labordak higiezinen merkatuaren garapena orokorra dela jabetuta, eta Irungo hiriak «Donostia efektua» jasaten duela dion arren, kontuan hartu behar da, 2015az geroztik etxebizitzaren prezioa Irunen %42 garestitu egin dela. Eta alokairu pribatuaren prezioak bost urtetan %18,5 gora egin badu, gaur egun eskaintza oso eskaxa da. IRUNVIko zuzendariak, Idoia Yarzak aitortu duenez, egindako diagnostikoak agerian uzten du Irunen soldaten igoera oso txikia izan dela batez bestean azken urteetan, eta alokairu pribatu baten bila dabilenak oso aukera gutxi dituela. Hori dela eta, IRUNVIn etxebizitza sozialen eskatzaile zerrenda etengabe luzatu da azken urteetan.

Gaur egun, azken 20 urteetan eraikitako 978 etxebizitza publiko daude Irunen. Eta 1.000 gehiago eraikitzeko erronka onartu badute, 3.159 bizikidetza unitate daude IRUNVIko zerrendentan bizitoki publiko baten esperoan, eta horietatik ia 2.700 alokairu soziala eskatzen dute. 

Esan gabe doa, bestalde, Ekintza Plan anbiziotsuak aurreikusten dituen etxebizitza berrien gehiengoa San Miguel-Anaka eremuan eraikiko dituztela. Orotara 612. Idoia Yarzak argitu duenez, 20 urteko prozesu luze baten ondotik, 20 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen eremuaren urbanizazioa 2025ean hasiko da, eta ondoren eraikuntza bideratu ahal izango dute. Gainerakoan, Behobia auzoan aurreikus daitezke plan honen baitan eskuragarri egongo diren etxebizitza goiztiarrenak, Lasatola-Postetxea (99) eta Mendipe (36 etxebizitza). Hortaz gain, Korrokoitz eremuan 63, Alei eremuan 60, Alberto Larzabalekoan beste 43 etxebizitza gehiago, Emigrazio eraikineko 31, beste 22 Larreaundin, Lucas de Berroa kaleko 20 eta Kale Nagusiako 7. eta 9. zenbakietan IRUNVIk kudeatu nahi dituen 14 etxebizitza berriak. Nolanahi ere, Cristina Laborda alkateak argi utzi du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aurrera eraman beharko dutela erronka ezinbestean.