PSEk eta EH Bilduk udal tasa eta zergetan akordioa erdietsi dute Irunen

Antxeta Irratia 2024ko urr. 25a, 10:11

Irungo Udal Gobernuak proposatzen zuen %4,3ko igoera orokorra %3,9ra mugatzea lortu duelako pozik azaldu da EH Bildu. Baina, bereziki, progresibitatea aplikatzean datza hobekuntza nagusia. Koalizio abertzaleak dio «herritarren bizitzak errazteko lan egiteko hartutako konpromisoarekin bat» eginez, irundarrek 2025ean errentari egokitutako udal inpostuak ordainduko dituztela.

Asmo handiko Udal Osoko Bilkura iragarri zitekeen gaur Irunen, baina ezer gutxi izango dute azkenik eztabaidatzeko. Irun etxebizitza gune tenkatua izendatzeko Eusko Jaurlaritzari luzatu beharreko eskaera dekretu bidez onartu du Udal Gobernuak asteazkenean Tokiko Gobernu Batzarrean. Cristina Labordak udalbatzara eramango zuela iragarri bazuen ere, prozesua azkartu nahi izan baitu gobernu sozialistak.

Zerga bidezkoagoak

Eta 2025eko udal tasa eta zergen ordenantzari dagokionez, PSEk eta EH Bilduk akordioa erdietsi dute atzo. Udal inpostuen igoera %3,9ra mugatzea lortu dutela nabarmendu du koalizio abertzaleak. Gogoratu beharra dago, sozialistek %4,3ko igoera orokorra proposatzen zuten bitartean, EH Bilduk gehienez ere %3koa galdegin zuela aste honetan bertan, udalbatzan alde bozkatzeko. Azkenean bien arteko negoziazioari esker, «jatorrizko proposamena hobetu» egin delakoan dago koalizio abertzalea. Irunen zerga eta tasa bilketa «bidezkoagoa» izateko sistema adostea lortu dutela diote. 

Horrez gain, 2025. urtean progresibitatea ezarriko da Irungo udal tasetan eta zergetan, modu mailakatuan. Horri esker, irundarrek beren errenta mailari egokitutako prezio publikoak ordainduko dituzte udal zerbitzuetan. 2023ko ordenantza fiskalean EH Bilduk proposatu eta Udal Gobernuak aztertzeko konpromisoa hartu zuen honi buruz dagoeneko, baina orain artean ez da aurrerapausorik eman. Bestalde, herritarrek egin beharreko kudeaketa burokratikoak murrizteko helburuarekin, Irungo Udalak desburokratizazioan aurrera egiteko adostasuna ere sinatu dute bi alderdiek.

EH Bilduk dioenez, «akordio politikoa bada ere, herritarren bizitzak errazteko lan egiteko eta adostasunetara heltzeko hartutako konpromisoarekin bat» datorrela azpimarratu du. Hortaz gain, Txinzerren 2025. urteko tasak akordio honetatik kanpo gelditu dira. Izan ere, Txingudiko Mankomunitateko azken asanbladan onartu zituzten dagoeneko Txinzerrek hurrengo urteko hondakinen eta uraren tasen %5eko igoera. Kasu honetan EH Bilduk ez zuen proposamena babestu. 

Tramitezko Udal Osoko Bilkura

Horiak hala, puntu garrantzitsuenak aldez aurretik dekretuz ala akordio politikoekin adostuta, EAJko zinegotzien kargu hartzea izango da gaurko udalbatzaren punturik esanguratsuena. Tramitea izanik ere, Maria Teresa Cortina Crespo, Carlos Santiago Martin Oronozek eta Irene Kastezubi Arellano jeltzaleek zinegotzi kargua hartuko dute. Urriaren 8ko Ez Ohiko Udalbatzan Xabier Iridoy, Jose Enrique Corchon eta Urkiri Salaberriak uko egin ondoren, eta behin Hauteskunde Batzorde Zentralak aldaketa ontzat eman duela.