udal tasak eta zergak

«Akordioa justua da irundarrekin, inpostuak ezin dira pelagikaz denei berdin igo, denok ez gaudelako egoera berean»

Koldo Nausia 2024ko urr. 30a, 11:54

Oihana Briones, Irungo EH Bilduko bozeramalea izan dugu gaur Goizeko Kafean gonbidatu, 2025ean «berrikuntza ugari» ekarriko dituen udal tasa eta zergen ordenantza fiskalari buruz argitasunak ekartzeko. Udal Gobernuarekin lortutako akordioak «urteko inpostuen %3,9ko igoeraren zifra konkretuetatik harago, progresibitateari esker, udal inpostuen sistema sozial eta justuago bat» ekarriko duelakoan dago koalizio abertzalea.

Joan den astean Irungo Udal Gobernuan gutxiengoan den PSE udal taldeak EH Bildurekin izenpetutako akordioarekin, udal inpostuetan %3,9ko igoera orokorra adostu zuten 2025 urterako. Sozialistek proposatzen zutena baino lau dezima gutxiago da hori, eta koalizio abertzaleak «inpostuen igoera mugatu» izana baikorki baloratu dute. Haiek %3koa izan zedin proposatu bazuten ere. Dena dela, akordioa posible egin duen baldintza ez da zifra zehatzetan irudikatu oraindik, «baina irundar askoren ekonomia arinduko du» Brionesen ustetan. Izan ere, udal tasa eta zergetan progresibitatea aplikatzen hastea izan da ezinbesteko baldintza. «Hau da, familien diru iturrien arabera, mailakatutako udal inpostu sistema justuago bat» lortzeko irizpidea aplikatzea. 

Oihana Brionesek dioenez, «urte batzuk daramatzagu progesibitatea mahai gainean jarriz, orain arte zailtasun asko zeuden hori proposatzen genuenean, baina orain tasetan eta prezio publiko batzuetan hau aplikatzea lortu dugu datorren urterako dagoeneko, eta hori EH Bilduren ustez irundar guztientzat garaipen bat da». Udal Gobernuak hartu dituen konpromisoen arabera, 2025ean honako hauek dira erabiltzaileen diru iturrien arabera egokituko dituzten prezio publikoak: AbenturaERO, Udalekuak, Solas Jolas, Eskola Kirola programa, Pintura eta Zeramika Eskola eta Udal Kontserbatorioko Musika Eskola. «Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi baldin baditugu, argi dago Udalak dirua jaso behar duela, baina familia bakoitzaren egoera kontuan hartu behar da, justuagoa izan dadin», azpimarratu du Brionesek. Diru iturrien araberao zer nolakoa taulak edo mailakatzea zehaztuko duten, ez dute oraindik argitu. Baina datozen asteetan adostuko dutela iragarri du. 

Era berean, Higiezinen Gaineko Zerga (IBI) eta Ibilgailuen Gaineko Zergan (Biñeta delakoa) ere progresibitatearen irizpidea nola aplikatu aztertzeko konpromisoa lortu dute Udal Gobernuarekin. Udalak argitu duenez, Gipuzkoako Foru Arauak mugak ezartzen ditu. Baina zergetan hobarien bitartez zenbait kolektiboei inpostuen karga arintzea aurreikusten dute. «Denok behar dugu etxea ala kotxea Irunen bizitzeko, baina ez da gauza berbera diru iturri batzuekin, pertsona bakar bat etxe batean bizitzea, ala etxe berean bost kideko familia bat bizitzea diru iturri horiekin, justizia soziala bilatu beharra dago nolabait», dio Brionesek. 

Argitzen duenez, horregatik bozkatu zuen ezezkoa EH Bilduk duela bi aste Txingudiko Mankomunitateko Asanbladan hondakinen eta ur-zerbitzuen gorakada orokorrari. Hondakinen tasa %5 igotzea erabaki zuten bertan, baina koalizio abertzalearen arabera, «etxe bakoitzeko kideen eta beraz hondakin sorrerak sortzen duen gastuaren araberako irizpideak aintzat hartu beharko lirateke, eta ez inpostuak pelagikaz igo denei berdin, irundar guztiok ez gaudelako egoera berean». 

Irun, Gune Tentsionatua

Gogoan hartu beharra dago Gipuzkoako 88 udalerrien artean, Irun azken aurrekoa dela familien batezbesteko  errentan. Gipuzkoarrek baino ia 6.000 euro gutxiagokoa da irundarren urteko diru-iturrien batezbestekoa. Aldiz, etxebizitzaren kasuan, 4.100 eurokoa da metro koadroaren prezioa, Gipuzkoan batez bestekoa 3.600 eurokoa den bitartean. Desoreka handia izanik, eta IRUNVk egindako diagnostikoaren datuak kontuan hartuta, Irun etxebizitza gune tenkatu edo tentsionatu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaera luzatzea Udal Gobernuak onartu berri duen dekretuarekin konten azaldu da Oihana Briones. Udal Osoko Bilkuratik pasa beharrik gabe «etxebizitza arazoa arintzeko prozesua eta tramitea azkartu beharra» dagoela dio.

Hala ere, Gune Tenkatuaren izendapenak alokairuen prezioak legez mugatzea ahalbidetuko badu ere, hiru urteko Ekintza Plana garatzeko «ausardia eta borondate politikoa» beharko dela aditzera eman du. IRUNVIko zerrendetan 3.153 famili-unitate etxebizitza publiko baten esperoan daude gaur, eta Udalak aurreikusten dituen 1.000 babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzatik haratago joan beharko dela iragarri du EH Bilduk. Hartu beharreko gainerako neurriak negoziatu eta adostu beharko dituztela ohartarazi du, eta «datozen urteetan gure ahaleginak okupatuko dituen erronka nagusia» dela aitortu du.

Horretarako, Irunen dauden 1.100 etxebizitza huts inguruetatik ahal bezain beste merkatura ateratzeko politika ausartak ez ezik, bestelako neurriak beharko dira, eta «kreatibiate handia». Izan ere, «dauden etxebizitzak alokairura ateratzea ez da bere horretan bakarrik gauzatuko den zerbait, bidea erraztu eta bultzatu behar da», dio EH Bilduko ordezkariak.