Asteburu luzea izan dute Anaka-Puiana auzo elkartean, Valentziako hondamendiaren biktimak laguntzeko prest bildu diren ehunka bolondresek. Valentziatik heltzen diren berriak gero eta ilunagoak dira. Joan den asteartean emandako uholdeek sortutako hondamendiak jadanik 217 hildako utzi ditu, eta 1.900 desagertu inguru. Baina herritarrengandik jasotako elkartasun uholdeak arindu nahi du krisi humanitarioa bilkatu dena.
Euskal Herritik ere, dagoeneko 100 suhiltzaile abiatu dira Valentziara. Haien helburua soto eta garajeetako ura hustutzea izango da, eta horretarako 114 ur ponpa eraman dituzte, eta makinaria pisutsua ere. DYA eta Gurutze Gorriko bolondresak ere mobilizatu dira Valentziara joateko, Massanassa herrira zehazki.
Baina herritarrengandik ere, elkartasun uholdea handia izaten ari da txoko guztietan. Euskal Herriko 54 elikagai banku aktibatu dira Valentzia laguntzeko, eta gure eskualdean, bereziki Irungo Anaka-Puiana auzo elkartean, Embajador Aristegui plazan zentralizatu dute elikagai eta material bilketa asteburu osoan zehar.
200 bolondres baino gehiago bildu dira ostiralaz geroztik, eta koordinatzen aritu den Kontxik aipatu digunez, Irungo Babes Zibilaren laguntza jaso dute, laguntzarekin zetorren jendeari leku egin eta biribilgunean geltoki azkar bat egokituz. «Elkartasun uholdea ikaragarria izan da, harritzekoa! Jendeak elikagaiak, arropa, garbiketa produktuak, denetarik ekarri du, irundik, hondarribitik eta Hendaiatik ez ezik, Goierritik ere, leku guztietatik. Orain dena bidaltzea falta zaigu», dio.
Hala ere, lehen kamioi bat atzo bidali eta Valentziara iritsi dela baieztatu digu Elik, ekimen herrikoi honen abiapuntua. Auzo elkarteko presidentea Txominek lokala utzi ziela dio, eta ostiralaz geroztik laguntza ekartzen zuten jende lerroak sortu ziren, «kopuru izugarrietan». Horrenbestez, Anaka-Puianako egoitza txiki geratu zitzaien, eta pabiloiak bilatu behar izan dituzte dena biltzeko. Letxunborroko enpresagunean lortu dute espazio gehiago, baita Astigarragako garraiolarien parkinarekin koordinatuta, material guztia kargatu eta garraiatzeko modua ere.
Dena den, astearte honetan "convoy humanitario" bat abiatuko da Bidasoaldetik, kamioia, furgonetak eta Valentzian kotxeak mugitzeko todoterrenoekin, han bideak garbitzeko eta desblokeatzeko prest lanera doazten bolondresekin. Bildutako elkartasun uholdea Valentziara doa beraz, eta bolondresek argitu dutenez, Anaka-Puiana auzo elkartean ez dute material gehiago bilduko momentuz. «Litekeena da aurrerago deialdi berri bat egin behar izatea, baina momentuz bilgunea itxi egin dugu», argitu digu Kontxik. Baina ez dute uretako botak, palak, kuboak eta bestelako materiala biltzeko beste deialdi bat egitea baztertzen. Horretan hasi dira beste zenbait bolondres ere, Irungo Juan Thalamas Labandibar kaleko Santa Venus Tatoo establezimenduan, azaroaren 6a arte jasoko duten guztia Anaka-Puianako bolondresekin koordinatuko dute Valentziara eraman ahal izateko.
Era berean, Irunen ere, Kera emakume ijituen elkarteak bilketa kanpaina egin du ostiralaz geroztik, Lope De Irigoyen kaleko 27. zenbakian duten egoitzan. Hondarribian ere, asteburuan zehar Kirol Kaian aritu dira materiala biltzen aritu dira zenbait herritar. Eta Mendelu auzo elkarteak jakinarazi duenez, Alkaineko lokalak Zuloaga kalean duen egoitzan janaria ez ezik, ura, arropa, kuboak eta palak bildu dituzte astelehen hontan oraindik ere.
Esan bezala, lehen bilketa besterik ez da izan honakoa. Eta Valentziako hondamendiaren ondorioak luzerako izango direlakoan, materiala biltzeko ez ezik, bestelako laguntza eskaintzeko prest antolatzen ari diren herritarrak ez dira falta Bidasoaldean. Euren kamioia edo lana eskaintzen duten garraiolariak, edota garbiketa lanak egitera Valentziara joango diren herritarrak ere. Hondarribiko judoka laguntalde batek egingo duen moduan. Anaka-Puiana auzo elkartean aurkitu ditugu Valentziarako bidaia antolatzen ari direla, eta materiala eramateko prest.