Irungo Udal Gobernu sozialistak 2025eko udal aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo. EH Bildurekin adostutako udal tasa eta zergak batetik, eta udal diru-iturrien erdia suposatzen duten Gipuzkoako Foru Funtsak behin zehaztuta, heldu den urtean 98 milioi euroko gastua aurreikusten du gobernuak. Orotara, 101.134.086,01 eurokoa izango da, Irunvi, Ficoba Fundazioa, Blaia hilerria, Bidasoa Bizirik garapen agentzia edota Txingudi-Bidasoa partzuergoan egin beharreko transferentziak barne.
Nuria Alzaga Ogasun udal ordezkariak azpimarratu duenez, azken hamar urteetan ia %50 handitu ditu aurrekontuak Irungo Udalak. Hala ere, «udal finantza egoera osasuntsua» nabarmendu du, eta 2025eko erronkak mailegu berririk eskatu gabe gauzatu ahal izango dituztela iragarri du. Are gehiago, agintaldi honetan Irungo Udalak jasan izan duen zorrak kitatzeko kargarik gabe amaitzeko aurreikuspena du Udal Gobernuak. «Zentzu honetan Irun eredugarria da», aldarrikatu du, 2011 urtean Udalak 47,6 milioi euroko zorra zuen bitartean, urtez-urte eragin duen aurrezki gaitasunari esker zorra likidatzen joan delako, eta heldu den urtean 5,2 milioi eurotara mugatuko dela argitu du Alzagak. Izan ere, 2022an eskatutako mailegua besterik ez litzateke geratuko likidatzeko.
Bestalde, azken urteetan Europako Next Generation laguntza funtsen bultzada amaitzear dagoela iragarri du. Aurten 900.000 euro jasoko dituzte, bereziki, Irugurutzetako labeen kultura, ondare eta turismo jasangarriaren proiektua garatzeko (385.000 euro). Dena den, urteotan hainbat inbertsio garrantzitsu egiteko aukera eman dute Europako laguntza hauek, eta udal aurrekontuak «nolabait makilatu» egin dituztela. Funtsa horri esker, Irunbuseko autobus elektrikoak edota 2025ean ateak zabalduko dituzten Oiasso Museoko terma erromatarren berreskuratzea eta hauen museizazio proiektua osatu ahal izan dute.
Jasangarritasuna eta politika sozialak
Udal Gobernuak 17 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu heldu den urtean. Aparteko proiektu berririk ez da gauzatuko berez, atzetik zetozen konpromisoak direla eta, hainbat urtealdirako proiektuak gauzatzera bideratuko baitira inbertsio nagusiak. Partidarik handiena, 7 milioi eurokoa izango da, Belartzako aparkalekuaren proiektura bideratuko dutena (horietatik aurten 3,5 milioi). Aduana Zaharra birgaitzeko 4.480.000 euro eta Arbesko bidearen obrak osatzeko beste 3 milioi gehiago.
Hartutako konpromisoetan ere, Ficobako IAM pabiloi erabilanitzaren proiektua garatzeko 2,3 milioi euroko partida izango da. Horietatik 1,1 milioi 2025ean, eta gainerakoa 2026-2028 urteetan banatuta. Kiro instalazioei dagokienez, aparteko inbertsio aipagarriena Azken Portu eta Artaleku kiroldegiak berritzeko 400.000 euro izango dira, hauek Udal Aurrekontu Partehartzaileetatik eratorriak. Aldiz, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko partidarik ez du Udal Gobernuak aurreikusi 2025ean.
Baditu Irungo Udalak halabeharrez egin beharreko beste zenbait inbertsio garrantzitsu ere. Haien artean, 2023az geroztik indarrean beharko lukeen Isuri Apaleko Eremuaren ezartzea. Mugikortasun Plan Jasangarrian adostu eta Espainiako Gobernuaren Klima Aldaketarako Legeak agintzen dituen neurriak ezartzeko 1,3 milioi euro bideratuko ditu Udalak urte berrian.
Bestalde, Irun Etxebizitza Gune Tentsionatua izendatzeko eskaera egin berri du Cristina Laborda alkateak. Eta Eusko Jaurlaritzak onartuko duen momentutik hiru urteko Ekintza Plan berriak aurreikusten dituen 1.000 etxebizitza eraikitzeko Lakua bidelagun beharko du, argiki. Momenutz, Udalak 2 milioi euro besterik ez baititu bideratuko 2025ean Lastaola eta Lucas de Berroako etxebizitza proiektuak garatzeko.
Nuria Alzagak azpimarratu duenez, «inbertsioak luzera begirako proiektuak» gauzatzeko aukera emang duten bitartean, «epe laburreko eta eguneroko beharrak asetzeko» aurrekontuak ere badira aurkeztu berri dituztenak. Zentzu honetan, gastu korronteak eta udal zerbitzuen sarea handitzen joan den heinean, langileen soldatek eta beraz, «egunero udaletxeko pertsiana igotzeak» eramaten dute aurrekontuaren parterik handiena.
Udal zerbitzuei dagokienez, Gizarte Ongizate arloak 10,5 milioi euroko aurrekontua (%2 gehiago) izango duela azpimarratu du Alzagak, eta beraz, politika sozialetara bideratutako ahaleginarekin «pertsonak erdigunean» jarriko dituen aurrekontua aurkezten dutela azpimarratu du. Bereziki adinekoen zaintza eta haiei zuzendutako zerbitzu eta programak garatzeko %60 emendatuko baitute partida.
Negoziaketak martxan
Udal Gobernuak iragarri duenez, oraindik zehaztu dagoen bilera irekia antolatuko dute irundarrei aurrekontu proiektuaren berri emateko. Baina Udal Aurrekontuak onartzeko Udal Osoko Bilkura abenduan egiteko asmoa adierazi du Ogasun ordezkariak. Onartuak izan daitezen, udal tasa eta zergen ordenantza fiskalarekin bezala, oposizioko talderen baten babesa beharko du Udal Gobernuak. Sozialistak gutxiengoan ari dira gobernatzen, baina Alzagak negoziaketarako prestutasuna adierazi du. Horretarako klima ona espero du, eta iragarri duenez, «talde guztien proposamenentzako lekua badago, eta aurrekontuak aberastuko duten heinean, aurrekontu proiektua indartsuagoa aterako da denon arteko adostasunetik baldin bada».
Momentuz, behin zirriborroa aurkeztuta, udal talde politikoek 20 eguneko epea daukate zuzenketak aurkezteko.