Irundik atzo Valentziara abiatu zen “convoy humanitarioak” bere helburua bete du. Joan den asteburuan eskualdeko hainbat gunetan egindako deialdiari erantzunez, Anaka-Puiana auzo elkarteak koordinatu duen milaka bidasotarren laguntza iritsi da. Momentuz ez dute elikagai gehiago bilduko, eta Embajador Aristegui plazako egoitza itxi egin dute. Hala ere, aste honetan zehar orain garbiketa lanetarako beharrezkoak diren tresnak biltzeko kanpaina egiten ari dira hainbat herritar taldek. Juan Thalamas Labandibar kalean (Azken Portu kiroldegiaren aldameneko eraikinean) dagoen Santa Venus Tatoo establezimenduan jasotzen ari dira materiala.
Palak, kuboak, uretako botak, eskularruak edota kaleko erratza handiak besteak beste. «Oraintxe bertan lokatza kentzea da lehentasunik handiena», dio Valentzian laguntzen egon den irundar honek. Izan ere, garbiketa lanetan esku kolpe bat ematera doazten zenbait bidasotar antolatzen ari dira modu partikularrean, heldu den asteburuan Tanta Hotzaren hondamendia izan den gunera joateko. Aldiz, badira hondamendia gertatu eta berehala bertaratu zirenak ere.
Irundar gazte honen kasuan, senideak ditu Valentziako Alfafar herrian. Eta azaroaren 1ean joan zen laguntzeko asmoz. «Kaos hutsa» topatu zuela kontatu digu. «Desesperazio handia ikusi dugu, laguntza berandu iritsi da eta bolondresak ehundaka bildu badira ere, ez genuen baliabiderik», dio. Bere kasuan, Alfafar herriko Ciudad de Calatayud kalean eman ditu hiru egun garbiketa lanetan eta koordinatzen. Bere kalean 200 lagun aritu dira «altzariak eta kotxe barrikadak» bide erditik kentzeko lanetan burubelarri, eta lokatza estoldetatik bideratu nahian. Eskuz eta palaz. Aipatu digunez, «bolondresek ekarri diete uholdeen biktimei argi pixkat, baina lan egiteko gogoa koordinatu beharra zegoen ere, baliabiderik gabe lokatzari ihesbideak bilatzeko zailtasunak handiak direlako». Izan ere, estoldak beteak eta loia hori guztia lehortu orduko, gogortu eta uholde berrien arriskua sorrarazi dezake.
Bien bitartean, haurrik eta adineko pertsonik ez du apenas ikusi. «Covid garaia ekartzen du gogora, etxeetan daude, kalean ezin dutelako, eta balkoitik begiratzean ikusten dutena kontuan hartuta, kolektibo horientzat egoera oso gogorra da», azpimarratzen du.
Bestalde, agintarien erantzun eta babes faltak «herritarren haserrea eta amorru bizia sortu du, eta ulergarria da». Valentziarren haserrearen lekuko izan da «abandonaturik» sentitzen direlako. Baina asaldatuak dauden arren, bolondres honek aitortu du, «laguntza kanpotik iristen eta sarbideak hustutzen joan diren heinean, egoerak zertxobait hobera egin duela azken egunetan». Aldiz, norbere kalekoa besterik ez du ikusten eta isolamendua handia denez, laguntza ez da kale eta auzo guztietara iristen.
Esku kolpe berri bat ematera joateko asmoa du berriz. Izan ere, «epe luzerako doa garbiketa, asko dago egiteko». Tamalez, «dena galdu duten herritarrentzako garrantzitsuena normaltasuna berreskuratzea da, baina politika sartu da saltsan, eta horrek ez die fabore egingo, ez du ezertan lagunduko».