Urdanibiako Antso jauregia birgaitu dute Udal Euskaltegiaren sarbideak hobetuz

Antxeta Irratia 2024ko aza. 6a, 12:43

1644. urtean eraikitako jauregiaren kanpoaldea birgaitu eta teilatua zein zutabe nagusiak hezetasunaz babesteko lanak bukatu ditu Irungo Udalak, Europako Next Generation funtsatik 500.000 euroko dirulaguntzari esker. Udal Euskaltegiaren sarbideak, igogailua eta argiteria ere berritu dute, egungo irisgarritasun eta efizientzia energetikoen irizpideetara egokitzeko.

Gaur egun Irungo Udal Euskaltegiaren eta Menchu Gal aretoaren egoitza bada ere, 1644 eta 1649 urteen artean Pedro de Aranburu kapitainak eraikitako Urdanibiako Antso jauregia (Sancho de Urdanibia) Irungo ondare historiko garrantzitsuenetako bat da. Urdanibia plazan kokatuta, Felipe IV. Erregearen agindupean Espainiako Armadaren almirante garrantzitsua izatera iritsi zen leinu aristokratikoa zuen Sancho de Urdanibia irundarrak oinordetzan utzitako diruari esker berreraiki zuten, frantses tropek suntsitutako Santa Margarita aterpetxe-ospitalea zena. Eraikinak bere armarria mantentzen du, eta Irungo Udalak hilabeteotan burutu duen birgaitze lanen baitan, hau garbitzeko lanak egin ditu zaharberritzaile aditu batek. Birgaitze lanak, aldiz, sakonagoak izan dira. 

Orotara 500.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, baina Europako Next Generation diru funtsak diruztatutako obra izan da. Kasu honetan, ondare historiko-arkitektonikoa balioan jarri eta mantentzeko helburuarekin. Jon Ugarte, Obrak, Mantenu eta Azpiegituretako ordezkariak azpimarratu duenez, «funtsezkoa da hiriko gune historikoak zaharberritzen jarraitzea, denboraren joanean haien iraupena bermatzeko». 

Izan ere, Kultura Ondasun Kalifikatu gisa aitortza du eraikinak EAEtik igarotzen den Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren kategorian.  Baina udal zerbitzu publikoa ematen duen heinean, legeak bete behar ditu. Eta berezitasun hauek kontuan hartuta, Udal Euskaltegiaren irisgarritasuna eta efizientzia energetikoan hobekuntza lanak egiteko lanak hartu dituzte hilabeteotan. Jon Ugarte, Obrak, Mantenu eta Azpiegituretako ordezkariak argitu duenez, «Irungo bizilagun guztiek bertara sartzeko aukera izan dezaten eguneratu egin dugu Udal Euskaltegia». Igogailu zaharra berritu egin dute, sarbidean ate automatikoak jarri dituzte eta argindar kontsumoan aurrezteko eta gutxiago kutsatzeko, LED argiak jarri dituzte eraikin osoan. 

Dena dela, birgaitze lan ikusgarrienak, begibistan daude jauregiaren kanpoaldean. Goitik behera garbitu eta kanpoko fatxada zaharberritu egin dute, lehendik zegoenaren antzeko akabera emanez eta estetika errespetatuz. Aurrealdeko harrizko elementuak eta armarriak birgaitu dituzte, eta egiturari dagokionez, estalduraren teila guztiak berritu egin dituzte, baita isolamendu termikoa instalatu ere. Bestalde, Urdanibia plazaren lurrazpiko eremuaren hezetasunaz babesteko, hormen kapilaritate arazoak konpondu dituzte, zutabe nagusiek hezetasuna xurgatu ez dezaten.