Irunen ez ezik, azken urteetan bezala, Donostiako Aquarium museoarekin lankidetzan, itsas-arkeologiari lotutako zinema maratoi bat eskainiko dute, hilaren 13an 18:30ean. Eta ondoren, urpeko arkeologian aditua den Ander Arreserekin mahainguru bat egingo dute. Aldiz, aurtengo berritasun nagusia, zinemaldiaren eszenatokia izango da. Amaia Kultur Zentroko hobekuntza lanak ez dira oraindik amaitu, eta alternatiba bilatu behar izan dute. 24. edizio honetan zinema areto komertzialetara jauzia emango du FICABek, Mendibil merkatal zentroko OCines aretoetara.
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko koordinatziale eta FICAB festibaleko zuzendariak aipatu digunez, egoerak behartuta. «Baina oso harrera ona egin digute, eta Bizinemaren eskutik girotu egingo ditugu emanaldiak», dio Goenagak, «argi izan baikenuen hasieratik, zinemaldiak duen kalitate handiarekin ezin genituela emanaldiak edozein lekutan antolatu, eta Mendibilgo 1 eta 3 zinema aretoak oso egokiak dira».
Goi mailako arkeologia anitza
Kalitate zinematografiko handiko dokumentalak jaso dituzte aurten, punta-puntako ikerketa, indusketa arkeologiko eta aurkikuntza historikoen berri ematen dutenak. Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Italiako filmak egongo dira ikusgai, baita Grezia, Brasil edota El Salvadorrekoak. Eta historiaren zaleen gustu guztietarako, aro desberdinak jorratzen dituzten lanak ere. Asteleheneko estreinaldirako mesoamerikar zibilizazioak izango dituzte aztergai. Izan ere, 17:00etan Jean Baptiste Errekart gonbidatu dute "Naachtun, erresuma Maia agerian" dokumentala aurkezteko. Eta 19:00etan "Inperio Inka" dokumental luzearekin hasiko da sail ofiziala. Hala ere, Aizpea Goenagak azpimarratu duenez, historiaurretik hasi, neanderthalak, Mesopotamia, Erroma eta Grezia klasikoa, Mesoamerika, egiptologia edota memoria historikoa lantzen duten lanak ere ez dira faltako. El Salvadorretik datorren "Israelen eta Paularen etxea" dokumentalarekin, edota Bidasoa eskualdeko "Hondarribiko Gorria", torturatu eta fusilatutako Jesus Carrera hondarribitar komunistari buruzkoa, adibidez.
Bestalde, Hezkuntza Saila ere indartu nahi izan dute aurten. Horretarako azaroaren 12tik 14ra goizeko 11:00etan Ocines Mendibilen ARKMO ekimenari esker proiekzioak eta dokumentalak ekoiztu dituzten ikasleak ere bilduko dira. «Benetan hunkitu egiten du ikustea eskoletan ze filma politak egiten dituzten, ondarearen zaintzari buruz gazteek duten begirada oso garrantzitsua da. Horregatik, bultzada eman nahi diogu eta txalo bat eman behar diogu ere irakasleen konpromisoari», azpimarratu du Aizpea Goenagak. Aurten Irungo eskolek ez ezik, Orereta Ikastola, edota Iparraldeko Piarres Larzabal Kolegioa eta Urruñako Ikastolak ere parte hartu dute.
Nolanahi ere, Irunen ala Donostian, goizez ala arratsaldez, zinemaldia jarraitu ezin dezaketenek edo proiekzioren bat berrikusi nahi duen orok streaming bidez ere aukera izango du. Izan ere, jaialdiko pelikulak online ikusteko aukera egongo dute Festhome plataformari esker. Zinemaldiko zuzendariak kontatu digunez, joan den urtean mundu osotik internet bidez filmak ikusi dituzten sarrerak identifikatu dituzte. «Gure helburua dibulgazioa ere bada, eta pandemiak zerbait ona ekarri bazuen, behartuta hartu genuen euskarri hau izan zen. Nahi duen orok eskura ditu zinemaldiko film guztiak», argitu du.
Sari banaketa eta epaimahaia
Hala ere, zinemaldia bertatik bertara gozatzeko gonbidapena luzatzen dute antolatzaileek. Gainera, aurten banatuko dituzten bost sarien artean, Ikusleen Sari Berezia (1.000 euro) ikusleen bozkak erabakiko du. Epaimahaiaren Sari Nagusia 2.000 eurokoa den bitartean, aurten EITB Sari berria sortu dute ere, 1.000 eurokoa eta ondoren telebistan hedatzeko konpromisoarekin. Arkeolan Fundazioa, aldiz, dibulgazio zientifikorik onena sarituko du, eta Hezkuntza Saileko hoberenak 750 euroko saria jasoko du.
Epaimahaia kultura, zinemagintza eta arkeologia munduko adituek osatzen dutela azpimarratu du Goenagak. Besteren artean; Antonio Pizzo, Erromako Historia eta Arkeologia Eskolako zuzendaria; Mertxe Urteaga, arkeologa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Historiko-Artistikoaren zuzendaria; Mattin Ayestaran, EHUko historialaria eta Irulegiko baskoien aztarnategiaren arduraduna edota Vanesa Fernandez, EITBko Kultura eta Euskarako zuzendariak osatzen dute. Sari banaketa azaroaren 16ean egingo dute OCines Mendibileko 3. aretoan, 18:30etako Klausura Galan. Iragarri dutenez, "Sherlock Holmes gaztea" film komertziala proiektatuko dute bertan, Bizinema elkarteak girotuta, photocall eta guzti.